Mapa modernoak eramanez gero munduaren bazter batean dagoela irudituko zaio bidaiariari –Ekialde Hurbilean, hain zuzen–, baina Jerusalemgo Hiri Zaharreko gotorlekuan barrena sartuz gero, antzinako mapek oraindik ere egia handiak esaten dituztela ohartuko da bisitaria. Minareteak, eliza kristauak eta bandera israeldarrak elkarren ondoan ikusiko ditu harresiz inguratutako Hiri Zaharrean. Juduen Tenplu Sakratuaren eraistea aieneka madarikatu Mendebaldeko Harresian, Mahoma zerurantz abiatu zen Haitzaren aldamenean Korana irakurri eta, egurrezko gurutzea bizkarrean hartuta Via Dolorosan gora joan ondoren Aita Gure bat errezatu Sepulkro Sainduan; hiruak egin ditzake, bata bestearen atzetik, goiz batean.
Juduen gune sakratuena da Mendebaldeko Harresia, duela bi mila urte bigarren tenplua eraitsi zutenean zutik gelditu zen horma bakarra, musulmanen hirugarren gune saindua osatzen dute, Meca eta Medinaren ondoren, alde-alde dauden Haitzaren Domoak (Omar-en Meskita izenez ere ezaguna) eta Al Aqsa meskitak; eta Jesukristoren hilobia dago Sepulkro Sainduaren elizan. Elkar ukitzen daude hiru gune gurtuak, harresietako zortzi ateek inguratuta.
Bi ate nagusi ditu Jerusalem Zaharrak. Eki Jerusalem arabiarrerako irteera da Damasco atea, eta Mendebal Jerusalem judurako bidea ematen du Jaffa ateak. Bi mundu, munduaren erdigunetik abiatuta. Europako hiriburu baten traza du Mendebal Jerusalemek: hiri berria, zaindua, turismorako prestatua. Patila luze kiribildudun ultraortodoxoen presentziak ukitu berezia ematen dio, hala ere, hiri moderno eta kosmopolitari: XXI. mendeko hirian, Ertaroa. Damasco atetik irtenda zapaltzen den Jerusalemek, ekialdekoak, hiri arabiarraren usaina (eta soinua) du. Mendebaldean baino turista gutxiago, baina saltzaile-erosleak ez dira faltako. Taxistak ere ez.
Juduetatik palestinarretara
Sheerut izeneko taxi kolektiboen geltokietan, nora doazen oihukatzen ariko dira gidariak, bidaiariak erakarri nahian. Lurralde Okupatuetara joateko garraiobide onenak, eta merkeenak, dira sheerut-ak. Furgoneta bete arte itxaroten du gidariak eta, hamar-hamabi lagun sartu direnean, martxa Ramallara, edo Jerikora, edo Hebronera, edo Belenera. Ordutegirik gabeko autobusak dira, azken batean.
Txikia da Israel, bere osoan, eta txikiagoak, oraindik, Lurralde Okupatuak. Egun pasa joan daiteke Jerusalemetik Lurralde Okupatuetako edozein hirira. Berta-bertan dago Ramalla, hiri palestinar irekiena. Hurbil Belen ere, hiri palestinar kristauena –baina musulmana, hala ere–. Ordu eta erdi eskasean egin daiteke munduko hiri zaharrenerako bidaia: Jeriko. Eta handik kilometro asko ez dira egin behar Itsaso Hileko ur gazi itxuraz koipetsuan bainua hartzeko.
Hebron urrutixeago dago (ordu pare bat baino gehiago ez), baina merezi du Lurralde Okupatuetako hiri tradizionalena –eta juduen asentamendu bitxiena– ezagutzea. Hiri autonomoa da Hebron, Arafaten gobernu palestinarren agintaritzapekoa, baina erdi-erdian Israelgo Estatuaren legearen babesa –soldadu israeldar ugariren babesa, alegia– duten laurehun bat kolono armatu bizi dira, ingurune arabiarrari etengabeko desafioan. Kokagune nagusia hiritik kanpora, tontor batean, dute Hebrongo juduek: Kiryat Arba, lau mila juduren herria. 1967ko Sei Eguneko gerran Israelek Gaza eta Zisjordania okupatu zituen arte, judu bakar bat ere ez zen bizi lurralde hauetan. Geroztik, 300.000 bizi dira propio eraikitako 200 asentamenduetan. Merezi du asentamenduak ere ezagutzea, Hebrongo biak esaterako.
Damasco atean sheerut taxia hartuta Gazaraino joatea ez da erraza. Israel ekialdetik mendebaldera zeharkatu ondoren Eretz-eko muga pasa behar da. Jerusalemdik Ramallara joatean ere Israel eta Palestina autonomoaren arteko muga gainditu behar da, baina arazo handirik ez da, giro politikoa barea baldin bada. Baina Eretz-ekoa, gerran dauden bi herrialdeen arteko muga da. Israeletik datorren taxiak, esate baterako, ezin du Gazara sartu. Taxia mugan utzi, muga eta kontrol gune ugariak oinez pasa (500 metroko pasagunea) eta, behin lurralde palestinarrean, taxi palestinarra hartu behar Gazako lurralde batzuetan miresgarri bestetan negargarrira sartzeko. Eta Gaza ezagutu duenak, Palestina ezagutu duela esan dezake. Besteek, ez