argia.eus
INPRIMATU
JOKO ZEHARRA
Joxemari Ostolaza 2007ko otsailaren 21a
JOKO ZEHARRA
Eta ostikoa bekainera. Gaztaroan genuen entrenatzaile jostari bezain alfer eta hutsalaren gustuko esaldi-agindua. Aldagelatik zelaira bitartean irauten ziguna, txorkatilak, hankahezurrak eta belaunak berotzen baitzizkiguten megafoniatik publizitatea eman orduko. Hala ere, entrenatzaileak jokatzen ez zuenez, zangoetan ubeldurak biltzen ez zituenez, ez zuen ardurarik onartzen guk hartu pasadan, bere taktika egokia izanik ere, gu baikinen desegokia bilakatzen genuenak. Orain ere, aurrebozketetan entzun ditudanak entzunda, ahantzi ezin dudan entrenatzaile haren jarraitzaile ugari dagoela bazterretan ohartu naiz. Harroputzez bete zaigu ingurua. Borrokaldia aitzin, elkarri erronka joaz dabiltzan boxeolarien antzera ibili zaizkigu hautagaiak gu harritu nahian. Oilar gehiegi behar dugun arrautzategirako. Badute ordea hauteskunde aurre hauek onik, hautesleak, itxuraz behintzat, euren espantuen ardatz garela sinets dezagun saiatzen baitira; eta jakina, guztiok behar izaten dugu tarteka ezinbestekoak garela eta izugarri maite gaituztela esan diezaguten, nahiz eta badakigun adarra jotzen ari zaizkigula. Bere garestian, bozketak maizago behar genituzke egin