Donostiako Euskararen Udal Patronatuak izenburutzat «Hizkuntz kudeaketa enpresan» duen liburuxka kaleratu du. Liburuxka hau enpresa eta erakundeen komunikazio eta giza baliabideetarako estrategia hobetzeko tresna da.
Hamarkada honen hasieran merkataritza kanpainak egin ziren baina helburu oso partzialak zituen. Urte batzuk beranduago helburu globalagoak jartzen hasi ziren eta oraingo hizkuntz kudeaketa zerbitzura iritsi dira.
Donostiako Euskara eta Hezkuntza zinegotzi eta Euskararen Udal Patronatuko lehendakari Beatriz Otaegiren hitzetan, hizkuntzaren normalizaziorako, enpresetan euskara barneratzea da erronka: «
Enpresa mundua etorkizun hurbileko erronka bihurtu da, baina era berean, enpresek bezeroekiko harremanetan prestigioa eta kalitatea eskaini nahi badute, hizkuntzen erabilera egokia erabaki estrategikoa da. Merkatuan bere lekua egin nahi duen edozein enpresak komunikazioari aparteko garrantzia eman ohi dio. Horregatik, enpresa munduan, gero eta komenigarriagoa da langileriaren aldetik hizkuntz gaitasuna ziurtatzea, kanpo harremanetan, bezero, hornitzaile edo erakunde publikoekin, harreman hobea bermatu ahal izateko. Zentzu honetan, argi dago, Euskal Herriko enpresentzat euskarak balio erantsia duela».
Enpresen zenbait eginkizunetarako hizkuntz erabilera egokia edukitzea ezinbestekoa da, hala nola, publizitatean, errotulazioan, inprimakietan, irudi korporatiboan...
Behar hauei erantzuteko une honetan Donostiako Euskararen Udal Patronatuan hizkuntz kudeaketan adituak diren sei teknikari ari dira lanean. Laguntza tekniko hau eskaintzeaz gain, Patronatuak beste doaneko hainbat zerbitzu ere eskaintzen du normalean. Hauek dira ekimen honetatik aparte dituen beste zenbait egiteko: irudizko elementu edota dokumentuen itzulpen puntuala, zuzenketa laburrak, hizkuntzari buruzko kontsultak, hainbat informazio eskuratzeko laguntza, autozuzenketa edota terminologia berezituari buruzko programa informatikoen aholkularitza, prestakuntzari lotutako hainbat punturi buruzko saio puntualak...
Hala eta guztiz ere, kudeaketa prozesu berri hau enpresaren eta Euskararen Udal Patronatuaren arteko lankidetza-harremanerako hitzarmen baten bidez gauzatzen da.
Hitzarmen hau sinatu ondoren, Patronatuak enpresaren egoeraren azterketa egingo du. «Indexpla» programa informatikoaren bidez, enpresa horretako euskararen erabilera neurtzen dute. Honetarako programak sei faktore hartzen ditu kontuan: irudia eta errotulazioa, pertsonalaren hizkuntz ezaguera, hizkuntz erabilerarako irizpideak, kanpo dokumentazioa, kanpo komunikazioa eta, azkenik, barne komunikazioa.
Hauek guztiak kontuan izanik enpresak plana proposatu eta planaren faseak eta jarduerak zehaztuko ditu. Hauek dira Euskararen Udal Patronatuarekin hitzarmena sinatu duten enpresetako batzuk: Real Sociedad futbol taldea, Donostiako Aquariuma, Aranzadi zientzia eta kultur elkartea, Matia fundazioa, Ceinpro Lanbide Heziketa, Barela markatze sistemak...
Sei hilabetero txostenak egiten dira helburuak ebaluatu eta markatutako faseen jarraipena egiteko.
Helburuak hiru mailatan bereizten ditu Patronatuak. Lehenengoa irudi eta publizitatea normalizatzea litzateke, bigarrena aukera linguistikoa errepasatzea eta hirugarrena euskara berezko hizkuntza izatea lortzea.
Kudeaketa prozesuan sartu denean, Patronatuak hizkuntz produktu eta zerbitzuen bidez emango dio laguntza enpresari. Giza baliabideen alorrean adibidez, antolakuntzari egokitutako hizkuntz ikastaroak, euskalduntze eta alfabetatze ikastaroak eta langilerian antzemandako hizkuntz beharrei erantzuteko trebakuntza saio laburrak eskaintzen ditu. Komunikazio politikaren alorrean berriz, hizkuntz aholkularitza zerbitzu pertsonalizatua, terminologia-baliabideak eta irudi korporatiboa hobetzeko hizkuntz aholkularitza dira eskaintzen dituen zerbitzuak.
Prozesua ondo gauzatuko bada, bai enpresaren aldetik eta baita Euskararen Udal Patronatuaren aldetik ere beharrezkoak diren konpromisoak eskatzen ditu. Patronatuak laguntza teknikoa eskaintzen du eta enpresak hizkuntza prestakuntza eta aholkularitzarako kostuak bere gain hartuko ditu