Hotza da ahabiaren habia. Ahabia,
Vaccinium myrtillus, freskura nagusi eta karerik ez den mendi garaietan bizi da, bai. Hostozabalen basoetako argiuneetan aurkituko dugu asko jota hiru arra hazten den zuhaiska hau. Normalean uztaila eta iraila artean ontzen dira, gorritik beltzera joz, bere fruitu preziatuak.
Menditarren artean ezaguna den ahabiari etekin harrigarriak kendu izan zaizkio. Ongi ondutako fruituak garrantz punttu ederreko gozotasuna du eta bildu ahala jatea gozamena da. A eta C bitamina ugari eta mineral, tanino eta azukrez osatua, idorgarria da eta odolaren azukre maila jaisten du. Azken honexegatik landare-intsulina deitu izan zaio. Maiz janez gero, ilunpeko ikusmena hobetzen omen da. Hostoen urak hesteetako haizeak urritu eta zizareak kanporatzen dituela diote.
Fruitu-zukua zertxobait gozatu (heren bat gozagarri) eta hartzitzen utziz gero, ahabi-ardo ezaguna lortzen da. Fruitua iluntzen duen pigmentoa, mirtilina tindagai ederra, jazkiak-eta urdin ederrenean jartzeko erruz erabili izan da.
Egun mermeladak egiteko lantzen da batik bat eta eskea hazten ari denez, gero eta gehiago ikusiko dugula iruditzen zait.
Vaccinium uliganosum,
V. vitis-idae eta
V. corymbosum espezieak elkarren artean gurutzatuz sortutakoak dira basoko habi gozoaren antzeko lur azido eta argitsuetan lantzen diren barietate emankorrak.
Oharra: Ahabiaren beste izen batzuk: Abia, Azarimahats, Anabia, Afia, Gabia, Arabia, Berromahats, Oketa, Aapioa