Kalerik gabe utzi ditugu, gure argumentazio teoriko askatzaileez luzaz mozkorturik, oinarrizko baldintzatan kale eginez. Bizia osoa antolatu diegu, euren eskarmentu propioari hesi zehatza jarriz, gure kontrolpetik at ezer ikasi ez dezaten, txarkeririk ezagutu ez dezaten alegia. Eta gure ustezko eskola libreruntz abiarazi genituen. Bertan, zoriontsuak izaten ikasiko zutelakoan, gure eskuhartzea erabatekoa izan da, guretzat eginikoa bailitz. Eskolatik landa, euren denbora librea ere antolatu diegu, gure laguntzarik gabe jolasa ere bideratzeko gauza ez balira bezala. Eta hor ikusten ditugu haurrak helduek antolatutako lehiaketetan! Haurren futbolari buruz ari naiz! Kirolari profesionalak bailiran, hutsegiteak ekiditeko aldera helduen agindupeko ariketak bete ezinik. Huts gutxi, eta eurenezko ezusterik bat ere ez. Atsekabe eza zorion, esanekoak nahi ditugu, gure aginduen bideetatik bidaiatuz gaitasuna bermaturik izan dezaketeelakoan edo. Nik, hortzak erakusteko gai den gaztea nahi dut, zeren salbuespenak alde batera, otzanek ez dute mailarik ematen bizi lehiaketan. Eta ez naiz soilki futbolaz ari. Libreak nahi genituen eta kale zurtzak ditugu