argia.eus
INPRIMATU
LOTSA BERBETAN GALTZEN
1999ko ekainaren 20a
Berez duela bederatzi urte abiarazi zuten arren, 26 urte daramate euskal programazioa egiten; lehen Radio Popular-Coperen barruan baitzeuden.

«Beste egoitza batean gaude, lekuz eta lanez ezberdinak. Dena euskara hutsean egiten dugu, goizeko 7etatik gaueko 11ak arte»
diosku Juan Mari Iraolagoitia zuzendariak.

«Baina gure ekarpenik handiena jendearengan ohitura bat sortzea izan da irratian bizkaieraz berba egin dezan. Iaz, gure 25. urteurrenean mahainguru batzuk egin genituen, kanpoko jendeak esan zigun, zelan lotsa hori apurtu egin den. Etxekotzat gaituzte entzuleek».
Irratiaren eguneroko entzuleria 31.000 lagunekoa da; eta hain bitarteko gutxi izanik diruz beti urri, oso kopuru ona da,

«entzuleegaz ditugun zuzeneko emankizunetan nabaritzen da hori, zorion agurrak, lehiaketa edo gazteen txokoan dela. Berba egiteko gurekin bat egitean, nahiz eta batuan egiteko joera izan, herriko euskara darabilgu jendeagaz, tokian tokikoa»
argitzen digu Mikel Astelarra esatariak.

«Batua egin zenean mendebaldeko euskara kanpo geratu zenez, jendeak lotsa handia zeukan bere euskalkian berba egiteko, konplexu apur bat badu oraindik. Hasieran, jendeak ez zuen zuzenean sartu nahi, ezta labana paparrean jarrita ere. Euskaldunzaharrak ez ziren ausartzen. Gaur egun 90 bat lagun ordu t' erdian. Kostalde zein barrualdekoa, Dima, Gernika, Muxika, Lekeitio, Bermeo, hori duela 10 urte pentsaezina zen. Ordainetan, jakina askotan erdarakadak sartu behar dira, baina tira».
Geroari begira, irratia bizirik eta indartsu irautea espero dute.

«Udan programazioa arinduko badugu ere, udazkenean berrikuntzak izango dira. Atzean ez geratzea. Irrati pribatua beste erronka bat da, bizi garen garaiaren tamaina hartzea, informazio mundua inoiz baino azkarrago doa-eta» ALBERTO ELOSEGI