argia.eus
INPRIMATU
HARAGIA ETA MINBIZIA
Jabier Agirre 2007ko otsailaren 21a
Giza osasuna afektatzen duten albaitaritzako gaiak aztertzeko berariaz antolatua dagoen batzorde zientifikoak baieztatu du hazkunde-hormonekin tratatutako haragia kontsumitzeak minbizia eragin dezakeela, baina substantzia horiek zein mailatatik aurrera diren arriskutsuak gizakiarentzat definitzeko orduan, zientzialariak ez ziren bat etorri.
Batzordeak Ameriketako Estatu Batuetan gehien erabiltzen diren hazkunde-hormonak aztertu zituen eta batzordekideen hitzetan pertsonen osasunarentzat arrisku inherenteak dauzkate, eragin latzak edukiz garapen mentalean, neurobiologikoan, genotoxikoan eta kantzerigenoan (alegia minbiziaren sorreran). Batzordeko kide den Johana Gremmels zientzialariaren esanetan hainbat ikerketak ondotxo frogatu omen du biztanle estatubatuarrek Europakoek baino prostatako eta bularreko minbizi gehiago edukitzen dituztela elikaduraren ondorioz, eta herrialde horretara joandako emigrante europar batek arrisku beretsua duela. Batzorde zientifikoak EEBBetan gehien erabilitako sei hormonak aztertu zituen, hiru naturalak (progesterona, testosterona eta estradiola) eta sintetikoak beste hirurak (trenbolone, melengestrol eta zeranol izenekoak).
Ea Europako agintariek neurriak hartzen dituzten, gu guztien eta gure ondorengoen osasuna jokoan dago-eta