Prentsa idatziaren laburpen berezi bat jasotzen dute goizero beren e-postan Interneti lotuta dauden mila euskaltzale baino gehiagok. Euskal kulturaren inguruan egunak eman dituen albisteak, gure mundutxoko pertsona, pertsonalitate eta pertsonaiek egindako adierazpenak eta iritzi artikuluak... horien guztien laburpena eskaintzen du Euskal Kulturaren Hari@ buletinak. Albisteen kasuan, lauzpabost lerrotan; eta iritzi eta adierazpenen atalean, zati hautatu luzeago batean.
Goizean goiz hasita, Naiara Irureta aritu da eguneko prentsa, ARGIAren erredakziora iritsi den herri prentsa, beste aldizkariak, aldizkari elektronikoa, eta beste, arakatzen. Berarekin, Nekane Barandiaran Dokumentazio Sailekoak ere jardun du. Hauen lana, ARGIAko gainerako kideek egin dituzten ekarpenekin, bihurtuko da hamaiketatik aurrera mila harpidedunek beren e-postan jasoko duten Euskal Kulturaren Hari@.
Informazio hori guztia nagusiki egunkariek ekoizten dute, «Euskaldunon Egunkaria»k eta «Gara»k hein handi batean, eta beste maila batean «El Diario Vasco»k ere bai. Gainerako egunkarietan azaltzen direnak ere biltzen ditu Euskal Kulturaren Hari@k. Herri prentsak ere –bere informazio edukia gehienbat lokala den arren– eskaintzen du horretarako albiste eta iritzirik. Eta ernetzen ari den komunikazio digitala ere gertutik jarraitzen dute Euskal Kulturaren Hari@ren arduradunek.
Hari@ren garapena hein batean komunikabide horiek guztiek beren edukiak Interneten jarri ahala aberastuko da. Gaur, komunikabide gehienek beren eduki guztien zati bat bakarrik ipintzen dute sarean –zati ttikia, gehienetan–, baina oso azkar ari dira ugaritzen Interneten dauden edukiak, eta Euskal Herrian ere hilabete gutxitan sekulako garapena ezagutuko da. Ondorioz, Hari@ren bildumak gero eta aukera handiagoak eskainiko ditu euskal kulturari buruz idatziz argitaratzen den guztia garaiz, sailkatuta eta osorik ezagutu eta kontsultatzeko.
URTEKARIARI JARRAIKI.
Euskal Kulturaren Urtekariak 1984an markatu zuen bidetik sortu da hamabost urte beranduago Hari@. Urtekariak euskal kultur munduan gertatzen den garrantzizko dena kronologiari jarraituz eta atalka bilduz eman du, eta urteotan euskaltzaleen erreferentzia bihurtu da. ARGIAko erredakzioaren lan horren emaitza orain egunero jaso dezake bere etxean –eta doan– helbide honetan harpidedun izateko gogoa adierazten duenak: hedapena@argia.eus. Beste bidea, Sareko ARGIA gunean sartu (www.argia.eus) eta bertatik kontsultatzea da, harpidetzeko modua han ere aurkituko duelarik.
Sareko ARGIAn, gainera, maiatzaren 3tik hasita, egunero ekoiztu diren Hari@ guztiak daude kontsultagai. Hauetan sartuta, hala ere, ezuste ttiki bat hartu dezake euskaltzaleak, Interneten bidezko loturetatik jo nahi izanez gero: egunkari gehienek egun gutxi batzuetan edukitzen dute albistea sarean, eta gero kendu egiten dute. Laburpenak, hala ere, hor daude internautaren eskueran.
Sei hilabete luzez pentsatu, prestatu, zuzendu eta ondutako fruitua da Hari@rekin ARGIAk eskaini duena. Prozesu horretan parte hartu dute astekarian eta Urtekarian eskuhartzen duten kolaboratzaileek ere, beren ekarpenekin. Horrela sortu da astean bost egunez espreski Internet bidez hedatzeko jaio den euskarazko komunikazio tresna berria. Ondoko hilabeteetan, gainera, berrikuntza gehiago ikusiko da