argia.eus
INPRIMATU
EUSKAL KULTUR ASTEA RENON
1999ko ekainaren 20a

EUSKAL KULTUR ASTEA RENON

Estatu Batuetan inoiz izan den euskal jairik handiena egin nahi dute uztailaren 19tik 25era Renon. Kultur aste honetarako ekitaldiz betetako egitarau oparoa atondu dute, EEBBetako euskal komunitateko kide guztien topagune izateko asmoz. Aste eta leku berean Estatu Batuetako euskal etxe guztien arteko bilera nagusia egingo dute. Jaialdi honen antolakuntzan lagunduko dute, besteak beste, Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskal Kultur Erakundeak.


EUSKAREN LEGEA AZTERGAI

Eusko Ikaskuntzak eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak, EHUko Udako Ikastaroen baitan, Euskararen Normalkuntzaren Legea (17 urte igaro dira indarrean sartu zenetik) garatzeko hausnarketa egitea erabaki dute. Uztailaren 1, 2 eta 3an egingo da bilkura Donostiako Miramar Jauregian. Nafarroako Vascuencearen Legea ez dute oraingoz aztertuko.


FILMAK EUSKARAZ

Tinko Euskara Taldeak eta «Euskaldunon Egunkaria»k antolatutako «Zinema Izarpean» ekimenak euskarazko filmen eskaintza zabaltzea du helburu. Uda honetan bost film eskainiko dituzte Euskal Herriko herrietan barna: «Errebelde baten egunkaria», «AnnaannA», «Rudy txerria», «Charlie eta Luise» eta «Big». Egunotan postaz bidaltzen ari zaie udaletxeei proposamena, eta aurki izango dute harreraren berri. Antzokietatik aparte eskainiko dira filmok, herrietako edozein txokotan, frontoian edota plazan.


EUSKAL DIALEKTOLOGIA

Oraintsu kaleratu du Koldo Zuazok «Arabarrak Euskararen Herrian» liburua (honen berri zabalagoa duzu «Araba Euskaraz» berezian, ale honetan bertan). Honi buruz ez baina euskal dialektologiaren inguruko hitzaldietan eskuhartuko du beste zazpi irakaslerekin batera EHUko Udako Ikastaroetan. Nafarroako hizkerak, azentuak, eta Donostia eta Deba arroetako hizkerak aztertuko dira bertan.