O
uercus edo haritzen sendian ahaztu samarra bizi da ametza (
Quercus pyrenaica). Zur ona ematen duten beste zuhaitzak pattal antzera hazten diren lur kazkarretako leku bakanetan sakabanatuta bizi dira Euskal Herriko ametz gehienak. Zuhaitz guzientzako altzo goxo den Nafarroaz gain bada, ordea, ametzen ametsa gauzatzen den paradisua, Arabako Izkizko ameztiak.
Ura lurrazaletik urrun dagoen tokiak dira ametzak maite dituenak, beraz buztinlur edo tupakietan ez hasi ametz bila. Lur hondartsuak eta drenaje onekoetan bizitzen da bapo. Karaitza oinarri duten harri ugaridun lurrak busti ordurako lehortzen dira, urak etorri ahala alde egiten baitu, hor-hor, hor bilatu... Sustrai luze-luzeak garatzen ditu eta hauen bidez bizitzea posible dela sinistea gezurra dirudien lekuetara hurbiltzen du ur preziatua. Uda parteko berotualdia eta idortea latzak badira, ametza aurkitzea lan zaila da. Lurralde beroetan erreka-zulo hezeetan edo mendietan gora igoa izango da, gu iristerako. Udaberritik udara eta udazkenerako pasadizoa tenperaturak, hasieran gora eta gero behera, pixkanaka-pixkanaka joaz egitea du gustuko. Presarik gabe, patxadan, gozatuz bizitzearen aldeko sektakoa baita...
Negu partean ametza aurkitu nahi baduzu hostoak soinean, zimelkor, beroki eta dotoreki mantentzen dituela gogoratu. Batzuen ameskaiztoa bihurtzen ari den Araba, ametzen ametsetako paradisua