Hamabost urte eta gero, Iruñerriko 17 auzoetako 260.000 bizilagunek hiriko garraio zerbitzua izango dute udatik aurrera. Orain arte bi enpresak (COTUPek eta Montañesak) eskaintzen zuten autobus zerbitzua, baina herritarrek koordinazio arazoak nozitzen zituzten.
Azken urteotan egin diren ahaleginen ondorioz, iragan apirilean Nafarroako Gobernuak 1999-2003 urteetako Eskualdeko Garraio Plangintza onartu zuen. Honek autobus zerbitzuaren ardatz orokorrak, programazioa eta antolamendua aurreikusten ditu. Dokumentuak plangintza ekainaren 1a eta irailaren 1a bitartean abiaraziko dela jasotzen du.
Garraio Plangintza bi fasetan egingo da: lehendabizikoa ekainaren 1ean sartuko da indarrean eta bi autobus enpresek (COTUPek eta Montañesak) aldi berean funtzionatuko dute. Bigarrena 2000tik 2003ra bitartean martxan izango da eta aipatu bi enpresak fusionatuko dira eta euren zerbitzuek bat egingo dute.
80.000 bidaiari egunero
Behin fusionaturik, bi enpresek 85 autobus izango dituzte martxan. Autobusok egunez 20 lineatatik igaroko dira eta gauez zortzitatik. Guztira autobusek 30 milioi bidaiari eramango dituzte leku batetik bestera urtero. Batez beste, 80.000 bidaiari ibiliko dira egunero.
Zerbitzu berriak urtero 2.308 milioi pezetako kostua izango du eta etekinak berriz, 1.762 izango dira. Eragingo duen defizitaren % 65 Nafarroako Gobernuak ordainduko du eta gainontzekoa udalek jarriko dute, bakoitzak duen biztanle kopuruaren arabera.
Hiritarrek autobusa gero eta gehiago erabil dezaten, zerbitzu berriak eta abantailak eskainiko zaizkie. Zerbitzu berri horien artean, honakoak daude: bonobusa eskualde osora hedatuko dute, frekuentziak areagotuko dituzte eta linea berriak jarriko dituzte
Autobus geltoki zaharra modernotzeko lanak
Begi-bistakoa da Iruñeak duen autobus geltokia oso zaharkituta dagoela, itxura iluna erakusten du eta eraberritze lanak aspaldi behar zituen. Urte batzuren buruan egoitza berria izan lezake geltoki intermodal baten barruan baina erabaki hori hartzen ez den bitartean egungo geltokia modernizatzen ari dira. Lanak hiru fasetan egingo dira. Lehendabizikoa, 1996an abian jarri zena, egina dago eta orduan eraikinaren hormak garbitu zituzten. Bigarrena, egun martxan dago eta geltokia handitzen ari dira anden berri bat egokitu dutelarik. Anden hori orain arte Gurutze Gorriak erabiltzen zuen. Udala oraindik ere hirugarren faseko proiektua aztertzen ari da. Onartuko balitz estalki eta zoladura berriak jarriko lituzkete bai eta, komun berriak eta aireztatze sistemak ere. Udal teknikariek diotenaren arabera hirugarren fase hori burutzeko 204 milioi pezeta kostako zaio Udalari.
Argiztapen artifizial gehiago jarriko zaio geltokiari pantaila batzuri esker. Autobusek eragiten dituzten keak eta gasak zurgatuko dituzten bi hodi egokituko dira eta horrela, barneko airearen kalitatea hobetzea lortuko da. Bestalde, eraberritze lanek oztopo arkitektonikoak kentzea aurreikusten dute. Horrela, eskailera guztiak kendu eta aldapak jarriko dituzte. Egun dauden komunak ordezkatu eta berriak eraikiko dira.
Udalak egindako plan baten arabera, urtero autobus geltokitik 2,5 milioi bidaiari igarotzen dira, kopuru oso altua aireportuaren edo tren-geltokiaren aldean. Hori dela eta, autobus geltokia lekuz aldatzen dutenean hiriaren erdialdean egon behar duela uste dute udal arduradunek