Gaur egun ez da ontzat ematen, Euskal Herriko erakunde publikoek antolatzen dituzten agiriko ekitaldietan, euskarazko hitzik ez esatea. Nondik begiratzen den, pozgarria da. Zerbait aurreratu dugula ematen du. Baina, lanbidez horrelako askotan partehartzea egokitzen zaigunok aitortu behar dugu bide horretan zeregina badagoela oraindik.
Gezurra ematen badu ere, batzuk euskaraz hitz bat edo bi besterik esan gabe, aurkitzen dute hankasartze entzungarria egiteko modua. Maiz barregureari ezin eutsi geratu izan naiz euskarazko zerbait esan nahi hori dela eta. Arabako agintari batek, txistularien festa batean,
euskal kutsuko erdaraz, honela goraipatu zuen gure tresnaren hots pizgarria:
Cómo hace bailar a las neskitas y los neskitos! Eta beste batek, nafarra hau, ponpoxo agurtu zuen arratsaldez eratutako zeremonia baten publikoa:
Txardeon! Baina, berriki, Gipuzkoako herri handi samar bateko Alkatearenak hunkituta utzi nau. Ikusirik bere aurretik parte hartu zuten guztiek euskaraz hitz egin zutela eta berak ere zerbait esan beharko lukeela iruditurik, era honetan hasi zen: Gabon Andreon!
BESTE askok sarrera ematen diote euskaraz hitzalditxoari. Eta hauen artean maila eta tankera desberdinak aise bereizten dira. Batzuk, eginkizun hau prestatzeko, aholkulari xelebreak (edo gaiztoak) aukeratzen dituzte nonbait, eta Miren Azkaratek berak txukun ezin ahoskatuko lituzkeen esaldi- oztopo-lasterketa arriskutsuetan barrena abiatzen dira, erori eta altxa, erori eta altxa... lau lerroetan Txarloten filmeetan baino erorketa eta kolpe gehiago bilduz.
Beste batzuk arduraz hartzen dute kontua. Inork egokiro prestatu die textua, denbora eta laguntza hartu dute ahosketa lantzeko... eta, hizketaldia amaitu arte, hankasartze gogor baten beldurrez, arnasari eutsi behar izan badiogu ere, azkenean... Tira, lasai gaitezke. Ez da deskalabrorik gertatu. Hortik aurrera etorriko da, baina, egoera aztoratzailea. Orain arte hizlaria mantso eta irakurtzen aritu bada, iada betaurrekoak kendu ditu, publikoari begiratu dio eta erdarazko hizketa naturalez hasi da izkribuari kasu handirik egin gabe, momentuko inprobisazioak tartekatzen eta umore apur bat ere erakutsiz. Politena iritsiko da ezinbesteko esaldi hau botatzen duenean: «
Como he dicho en euskara...»
Hizlari euskaldunek ere izaten dituzte xelebrekeriak. Niretzat deigarriena hauxe da: euskaraz ongi egiten duten askok, batzuetan ziurtasun ezaz irakurtzeagatik, besteetan hizketa modu jasoagoa erabili nahi izateagatik, lortzen duten ulergaiztasun maila. Horiei sarri euskaraz ez dakitenek euskaldunok baino hobeto ulertzen diete.
HALA ere, gogorrena eta jasangaitzena, aspaldi
Elebidunentzako zigorra izenez bataiatu nuena da. Euskaraz eta erdaraz esanahi berberak dituzten pusketak txandakatzea da tortura teknika honen ezaugarri nagusia. Bide hau aukeratzen dutenak, gehienetan, pertsona zintzoak dira (ez dute inor minduta sentitzea nahi izaten), oso zehatzak eta xehetasun zaleak... eta oso aspergarriak ere bai. Besteak beste, maiz luze jarduten direlako txandaketa zorabiatzaile horretan.
IRUDITZEN zait Eusko Jaurlaritzak (Nafarroako Gobernuak egitea ere polita litzateke. Baionako Udalak agian interesa izan lezake) dituen Institutu edo Kontseilu edo Antolamendu horietako batek egokiera guzti hauek bideratzeko eskuliburua prestatu beharko lukeela. Honelako zerbait:
Agiriko Ekitaldi Ofizialetarako Hizkuntz Erabilera Zuzen, Osasuntsu, Elebidun eta Zuzenaren Arauak/Normas para no dar la vara en público