argia.eus
INPRIMATU
BJKN-REN ONESPENA
1999ko ekainaren 13a

BJKN-REN ONESPENA

Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren (BJKN) Osoko Bilkurak eskualde euskaldunenetan lan egingo duten ordezko epaileen eta magistratuen postuetarako euskara baloratzea onetsi zuen iragan astean. Horretarako, ordezko epaile eta magistratuen euskararen jakintza maila neurtzeko sistema ezar dezala eskatu dio erakunde bereko Ikerketa eta Txosten Batzordeari.


14 ORDU EUSKARAZ

Deustuko Euskal Topagunea osatzen duten elkarteek euskararen aldeko 14 Ordu Euskaraz ekitaldia burutu zuten iragan ostiralean. Ekimenaren asmoa euskararen erabilera esparru guztietan sustatzea da. 1997an eman zitzaion hasiera, 12 Ordu Euskaraz lelopean, iaz 13 Ordu Euskaraz izan zen, eta aurtengoa 14 Ordu Euskaraz.


EUSKAL LITERATURA EZAGUTARAZIZ

Iragan asteburuan Iruñeko Gaztelu plazan burutu zen Liburuaren Azokarako bi liburu plazaratu zituen Iruñeko Udalak. Biek ala biek Nafarroak euskal literaturari eman dizkion egileen historia ezagutzeko aukera eskaintzen dute, bai Alexander Tapia Perurena olerkari iruindarraren lanak biltzen dituen «Olerki-lanak»ek, bai «Iruñeko Udalaren literatur lehiaketak (1882-1928)» liburuak. Lehena Joxemiel Bidadorrek osatu du eta bigarrena berriz, «Euskaldunon Egunkaria»ko kazetari Alberto Barandiaranek.


EUSKAL KULTURA SENDOTZEKO

Baionako Udalak eta Eusko Ikaskuntzak bi sari sortu dituzte euskal kultura sendotzeko asmoz: euskal kultura saria eta dokumental bideo saria. Lehen sariak bi zati izango ditu: alde batetik, zientzia edo kultur lan bat egiten ari den edota unibertsitateko tesia prestatzen ari den ikerle bati emango zaio saria, eta bestetik euskal kulturaren alde lan egin duen Iparraldeko pertsona bati. Dokumental bideo saria lortzeko egindako lanek berriz, Iparraldeko bizimodua azaldu beharko dute.