Minbizia, bigarren heriotza-arrazoia gure artean, usuagoa da gizonetan emakumeetan baino. Espainian, urtero minbiziak jota hiltzen diren 87.000 pertsonetatik % 66 gizonezkoak dira. Horregatik guztiagatik aurten egindako Minbiziaren Kontrako Aste Europarra gizonezkoengan egin daitekeen prebentzioa sustatzera bideratu da.
Europako Batzordeak Espainian duen Informazio Bulegoko zuzendari orokor Miguel Moltók esan zuen kantzerrak ia 800.000 pertsona hiltzen dituela EBean urtero, 100.000 pertsonakoa izanik gizonen eta emakumeen arteko diferentzia. Bestalde, EBean hiru pertsonetatik bati gaitza diagnostikatzen zaio, 1,3 milioi kasu urtero, eta lautik bat arrazoi horrexegatik hilko dela. Eta, nahiz eta minbiziaren intzidentzia Espainian EBeko baxuenetakoa izan, batez bestekoa baino % 15 apalagoa, gure herrialdean urtero-urtero 125.000 minbizi kasu berri detektatzen dira.
Espainia azkeneko postuan dago Europan, minbiziagatiko heriotzen kopuruari dagokionez (hildako bat 517 biztanleko), eta azkenaurreko lekuan kasu berrien tasari begira (kasu bat detektatzen da 348 biztanleko). Minbiziaren motak 20tik gora diren arren, badira batzuk gizonen ia % 60 hartzen dituztenak (trakea, ahoa, birikak, prostata, kolona eta urdaila), eta emakumeetan, berriz, usuenak bularrekoak (% 18), kolonekoak eta trakeakoak dira