argia.eus
INPRIMATU
MENDIZ INGURATUTAKO HARRIZKO HERRIA
  • presentzia handia baitu eraikinetan eta baita zoruan ere. Arkitektura aldetik erakargarritasuna izateaz gain, kulturak ere badu indarrik herrian. Eta baita umoreak ere, elorriotarrak alaiak direnaren hotsa bada, eta «Txantxibiri» abestiak hala adierazten du.
2021eko uztailaren 19a
Tello Konteak XIV.mendean sortutako herria dugu Elorrio. Alde zaharretik ostera bat eginez konturatzen gara etxeek ez dituztela 3-4 pisu baino gehiago, eta honek beste hiri handiagoek ez duten xarma ematen dio herriari. Hori gutxi bada, harrizko hiria deritzo, etxeak eta zolak harrizkoak dituelako. Paradoxikoa bada ere, harrizkoa da herri honen bihotza, hiriaren alde zaharra harrizkoa baita. Hiria jauregiz beteta dago eta Bizkaiko herrietatik armarri gehien dituena bera da. 69 armarri inguru daude etxeetako hormetan.


Harrizko 23 hilobi

Herria harriz josita dagoela esan berri dugu, kaleak zein eraikinak. Harkaitzak ere ez daude urruti Elorriotik; Mendiz inguratuta baitago Bizkaiko herri hau. Honela, Intxorta, Udalaitz, Memaia, Amitar, Santa Mariñazar eta Erdeilla mendiek babesten dute. Elorrioko beste altxor historiko bat Argiñetako Nekropolisa da. Herriko nagusiek kontatzen dutenez, antzina jentilen hilerri izandakoa da. Bertan, IX. mendeko harrizko 23 hilobi daude eta hauen artean zaharragoak diren 5 hilarri.
XIX. mende hasieran berriz, famatua izan zen Elorrio zituen bainuetxeengatik. Garai hartako dirudunak herrira hurbiltzen ziren uhatsetara osatzera. Gaur ere badago sufredun ur hau herriko zenbait etxetan eta baita Zenita auzoko iturri batean ere. Bertakoek diotenez uhats hau ona da azalerako eta baita urdaileko gaitzak osatzeko ere.


Elorriotarren humorea

Elorrioko herritarrak betidanik oso alaiak izan dira eta beti festarako prest daude. Hori baieztatzeko herriko jaietara irailean hurbildu eta Erreka deritzon kalean begirada bat bota baino ez da egin behar. Edo bestela Lepantoko itsas gerra gogoratuz urriaren lehenengo igandean "Errebonbiloak" izeneko ospakizuna ere ikusgai izaten da. Badago abesti zahar bat (dirudienez Erdi Arokoa) elorriotarren humorearen adierazle eta herriko aiton-amonetatik bilobetara belaunaldiz-belaunaldi igaro dena:
«Txantxibiri, txantxibiri/ gabiltzanian Elorrixoko kalian/ hamalau atso tronpeta jotzen/ zazpi astoren gainian./ Astoak ziran txiki txikiak/ atsoak berriz kristonak,/ nola demontre konpontzen ziren zazpi astoren gainian...».


Gaztetxea

Kultur mugimendu handia duen hiria da Elorrio eta herritar gehienak bolondres gisa aritzen dira kulturgintzan. Gaztetxean adibidez 150-200 pertsona inguru daude eta gehienak kultur elkarteetan sartuta daude. AEKrekin batera udako euskara barnetegi bat prestatzeko asmoa dute. Gaztetxeko partaideek adierazitakoaren arabera, giro euskaldunagoa sustatu nahi dute: «

Gaztetxean gabiltzanok ez dugu euskaraz hitz egiteko ohiturarik nahiz eta denok ulertu
». Ez dute udaleko diru laguntzarik eta beraien egitasmoak aurrera eramateko dirua kontzertu eta txosnetatik ateratzen dute. Gaztetxekoen esanetan txosnetan ateratako diru hori barnetegiko matrikulak ordaintzeko erabiliko dute.


Arriola Kultur Aretoa

Arriola Kultur Aretoa dagoen tokian 50eko hamarkadan zine pribatu bat egoten zen baina halako batean itxi egin zen. Urteak igaro ahala, herriko kultur elkarteak konturatu ziren ekitaldietarako lokal faltan zeudela eta Udalari eskatu zioten garai batean zinema zegoen toki hura erostea. Udalak azkenean lokala erosi eta Arriola Kultur Elkarteak hartu zuen bere ardura duela 11 urte. Udalarekin akordio batera heldu zen. Ordutik Udalak 6 milioi pezeta ematen dizkio urtero eta mantenimendu lanetarako beste 10 milioi pezeta. Bestalde, Bizkaiko Foru Aldunditik 3 milioi pezeta jasotzen dituzte. Dena den, diru laguntza hauek ez dituzte betetzen Kultur Elkarte honen gastuak, beraien urteko aurrekontua 28 milioitakoa izaten baita. Falta den dirua leihatilako salmentetatik eta bazkideetatik eskuratzen dute.
Herrian Kulturgintzan bolondres asko dago. Arriola Kultur Elkartean 25 ari dira lanean eta horietatik 5 liberatu baino ez daude. «

Gauzak egiteko gogo handia dago herrian baina Udaletik ez dago kultur planteamendu argi bat
» azaltzen du Iñaki Larrañaga Arriola Kultur Aretoko zuzendariak. Larrañagaren arabera kultur mailan «giro polita» nabari da Elorrion eta astebururo gutxienez ekintza bat antolatzen da. Larrañagak azaldutakoaren arabera hiru dira herriko kultur gune nagusiak: Gaztetxea, La Parra taberna eta Arriola bera. Arriola Kultur Elkarteak bere aldetik ekitaldi ezberdinak programatu eta burutzen ditu bai herriko jaietan eta baita urtean zehar ere: zine komertziala, zine kluba, antzerkia, musika, erakusketak, hitzaldiak...
Aurrera begira, Arriola Kultur Elkarteak turismo plangintza bat egiteko asmoa du Elorrioko ondareak aztertu eta ezagutarazteko. «

Elorrio oso polita da, horregatik, bertako historia landu, ikerketak egin eta liburutan argitaratzeko asmoa dugu
» azaldu du Larrañagak.


Herriko pertsonaia esanguratsuak

Ondareak ezagutarazteaz gain, kultura, arte eta musika arloan pertsonaia garrantzitsuak edo neurri batean bederen ezagunak badituzte, eta horien izenak jakinarazi nahi dituzte. Denak aipatu ezinean, hona hemen izen batzuk. Idazleen artean aipagarriak dira Juan Jose Pujana, Iñigo Agirre (orain Deustuko Unibertsitatean irakasle eta herriko historiaren inguruan asko idatzi duena) eta Igor Basterretxea (Elorrioko Sorkunde Garbiaren Basilikari buruzko liburu bat idatzi berri duen 29 urteko elorriotarra)... Argazkigintzan iaioak diren artistak ere ezagunak dira: Luis Madina, Patxi Granados eta Segundo Lazkano. Margolari ospetsuak dira berriz, Jesus Mari Agirre Kerexeta eta Etxebarria, besteak beste. Musika alorrak ere eman du fruturik: Agustin Garatamendi organista eta Juanito Gallastegi.
Zendutako pertsonaien artean ditugu adibidez: joan den urtean hil zen Jaime Kerejeta (idazle, konpositore, historiagilea), Juan Anbrosio Arriola (konpositore honen omenez jarri diote Kultur Aretoari Arriola izena) eta herriko zaindari den Berrio-Otxoa-tar Balendin Santua.


Kultura eta euskara uhinetatik ere bai

Elorriotarren humorearen lekuko gisa "Txantxibiri" abestia azaldu dugu. Herriko gazte batzuek izen bera hartu dute herriko irrati librea izendatzeko. Duela 14 urte sortu zen eta FMko 105 zenbakian dago. Elorrio eta inguruko auzunetara heltzen da irrati seinalea. Ez dute egun osoko emisiorik eta programazioaren % 90 euskaraz ematen dute. Iñaki Herrero bertako partaideak azaldutakoaren arabera «

betidanik herriko gazteak aritu izan gara irratian
». Udaletik urtean 100.000 pezetako diru laguntza dute eta zozketen bitartez ere laguntzaren bat eskuratzen dute. «

Dugun baliabide ekonomiko urriaz pixkanaka hobetzen saiatzen gara
» dio Txantxibiri Irratiko partaideak. Egunotan eskuratu berri dute kontrol mahai berri bat. Emisioak astean zehar arratsaldez eta asteburutan goizez izaten dira. Astearteetan ikastolako haurrek irratsaio bat egiten dute eta gainontzeko programek bestelako edukiak jorratzen dituzte. Dena den, musikari tarte handia eskaintzen diote. Asteko gertakarien berri ematen duen irratsaioa ere igortzen dute