argia.eus
INPRIMATU
GARENAREN NEURRIAN
2021eko uztailaren 19a
GARENAREN
NEURRIAN
Anjel Lertxundi idazleak «Garenaren neurria» izenburuko hitzaldia eskaini zuen Galtzaundi forumean. Hizkuntzaren afektibitateaz aritu zen, besteren artean:
«Hizkuntza bat ez da arau gramatikal multzo soila. Bada afektibitatea ere, eta egoera afektiboak seinalatzen eta deskribatzen dituen neurrian, hizkuntza bera ere afektibitatez janzten da. Eta hizkuntzaren karga afektibo horren aurkako erasoak daudenean, hizkuntza horretako hiztunak, zein delarik ere bere ideologia, erreakzionatu egiten du erasoen aurrean. Baina hiztun bati hizkuntza herdoiltzen zaionean, hizkuntzarekiko sentiberatasuna ere baldartu egiten zaio, eta edozein gauza zaio zilegi». (...) «Esan nahi eta ezina, horixe da hiztun batek bizi lezakeen trajediarik handiena. Euskaldungoaren zati handi bat trabuka eta espainola mutu-makiltzat harturik ikusten dugunean, badakigu olioztatu gabe eta herdoilak joak dituela hizkuntzaren bazterrak. (...) Begi bistakoa da euskaldunoi ez zaigula zer eta nolakoak garen esateko gogorik falta, baina behar bezalako zehaztasunez esan eta adierazi ezina da gure mina. (...) Oinarrian, euskara ez den beste hizkuntza bateko erreferentzia kulturalak bizi ditugu, euskara ez den beste hizkuntza batean asetzen baitugu gure egarri kulturalaren zati handi bat».