Edozein tokitako ingurugiro egoera aztertzerako garaian, ingurugiroa definitzerakoan kontuan izan ditugun elementu guztiak izan behar dira aztergai, eta ondoren beraien artean dagoen elkarrekintza aztertu. Ez gara hasiko hemen gure herriko ingurugiro azterketa zehatz bat egiten, baina ikus ditzagun labur-labur zeintzuk diren arazo larrienak. Izan ere, ingurugiro arazo hauekin bizi gara eta egunero ikusten ditugunez ezagunak zaizkigu, baina inoiz ez dago soberan arazo direla azpimarratzea. Hau da, ikertu eta konpondu beharreko arazoak direla eta ez gure bizitzako partaide.
Aireko kutsadura eta atmosferako arazoak hirigune handietan antzematen dira gehien; mota guztietako industriak eta kaleetako autoak dira kutsatzaile nagusiak. Gas kutsatzaileak, errautsak, hautsa eta zarata izaten dira arazo larrienak eta eraginak ugariak dira, hala nola: ikuskortasuna murrizten dute, osasun arazoak sortzen dituzte, kliman eragina izan dezakete, hainbat materiale hondatu ditzakete, kate trofikoak kutsatu daitezke...
Lurtzoruaren kutsadura ere arazo larri bihurtu da gure herriko zenbait gunetan. Lindanoaren kasua izan da sonatuena eta agian larriena. Kutsadura mota hau ere, neurri handi batean, industrien hondakinetatik eratorritakoa da. Neurri txikiago batean, nekazaritza intentsibo batek ere gisa honetako kutsadura sor dezake. Kutsadura honen ondorioz, lurtzoruan konposatu kutsagarriak azaltzen dira, materia organiko gehiegi edo gutxiegi egon daiteke, erosio arriskua aldatu egiten da...
Uraren kudeaketak aurrerapen handiak izan ditu azken urte hauetan, eta duela urte batzuk baino hobeto gaudela esateko moduan egongo ginateke. Kutsadura iturri nagusia industria eta hiriguneak dira eta neurri txikiago batean nekazal ustiakuntzak. Eraginak desberdinak dira kasuz kasu aztertuz gero, baina uretako oxigeno kontzentrazioa murriztu egiten da gehienetan eta elementu berriak azaltzen dira uretan.
Elementu honen inguruan sortu diren ingurugiro arazo larrienak, suteek, gaitzek eta kanpoko espezieek eragin dituzte. Ondorioz, lurtzoruaren kalitatea murriztu daiteke, zenbait espeziek bizirauteko arazoak izan ditzakete edo bertako hainbat espezie kanporatua izan daiteke espezie arrotzen zabalkuntza dela medio.
Arazo larrienak lurraren erabilpenak izan dituen aldaketen ondorioz etorri dira. Giza ustiaketek zenbait espezieren ugaritzea eta beste batzuen murrizketa eragin dute, ekosistematan desorekak sortuz.
Askotan aipatzea ahaztu egiten zaigun arren, osasun-arazoak, istripuak, langabezia, delinkuentzia, zaratak, ekonomi-politika txarrak, krisi sektorialak, hezkuntza falta, trafikoa... ingurugiro arazo dira eta gure bizi-kalitatean eragin zuzena dute