argia.eus
INPRIMATU
DONIBANEKO PORTUAN LIBURU (ETA DISKO!) GAINEAN
  • Durangoren itzala ordea, handiegia zen eta aurtengoan udaberriak zabaldu dizkie ateak51 argitaletxeri. Horietarik 20 Iparraldekoak dira eta 16 pedagogiari lotutakoak.
2021eko uztailaren 19a
Zazpigarren urtez ospatuko da Donibane-Lohizunen euskal liburu eta disko azoka ekainaren 12an. Aurtengo berrikuntzak aurreko asteko kultur ekitaldiak eta arlo pedagogikoari eskainiko zaion atal berezia izango dira. Gainera inoiz baino argitaletxe gehiago bilduko dira Urdazuriko kiroldegian.
Lehendabiziko urteetan AEK hasi zen Donibane-Lohizuneko Euskal Liburu eta Disko Azoka antolatzen. Gero guraso taldeak antolatu zuen eta azkenaldi honetan Azoka Elkartearen izenpean bildu dira antolatzaileak. Udazkenean izaten zen, baina Durangoko azoka ospetsuaren itzalean gelditzen zenez, iaz ekainean ospatzea erabaki zuten eta gustura gelditu dira egindako probarekin. Azokak jende gehiago, eta ondorioz, salmenta gehiago izatea espero du aurtengo berrikuntza hauekin.
Aurten inoiz baino liburu eta diskoetxe gehiago elkartuko dira Lapurdiko hirian, guztira 51 argitaletxe eta disketxe, tartean ARGIA aldizkaria. Honek jauzi handia suposatu du antolatzaileentzat, kontuan izanda iaz 22 etxe izan zirela azokan. Aurten bilduko diren 51 argitaletxe eta disketxe horietatik 20 Iparraldekoak dira gainera. «

Ez dugu ahaztu behar gehienetan Hego Euskal Herrikoak izaten direla nagusi
» esan zigun Paulo Arzelusek. Beste 27 argitaletxe Hego Euskal Herrikoak dira eta falta diren lauak nazio mailakoak, AEK eta UEU adibidez. Eusko Jaurlaritza lehen aldiz izango da azokan, bere argitalpen zerbitzua erakusteko. UZEIk ere lehen aldiz Internet jarri du bere materiala erakusteko ikusleari, Euskalterm, esate baterako.


ARLO PEDAGOGIKOARI GARRANTZIA.

Gaiei dagokienez, arlo guztietako liburu eta diskoak izango dira ikusgai eta entzungai ekainaren 12an Donibane-Lohizuneko Urdazuri kiroldegian: literatura heldu eta haurrentzat, testuliburuak, musika klasikoa, rocka, haurrentzako musika, bideoak... Baina antolatzaileek garrantzi berezia eman nahi izan diote aurten arlo pedagogikoari. Horretarako Ikas euskal pedagogia zerbitzuaren laguntza izan dute Azoka Elkartekoek. Iparraldeko etxe honek material pedagogiko eta didaktikoa kaleratzen dihardu. Azokan parte hartuko duten 51 argitaletxeetako 16 dira pedagogian aritzen direnak, beraz irakaskuntzarekin interesatuta dauden bisitariek aukera zabala izango dute. Datorren ikastarorako argitalpen berrien aurrerapenak ikusteko parada izango dute.
Lehen aldiz azoka eguna baino lehen kultur ekitaldi batzuk izango dira aurreko asteko asteartetik ostiralera. Hala nola, ekainaren 8an, asteartea, Pasaiako Udal Antzerki Tailerrak A. Vallejoren Lurrazpiko kaioak antzezlana eskenaratuko du Ravel auditoriumean; hurrengo egunean berriz, asteazkena 9, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko Jose Jabier Iñigo eta Xabier Mendigurenek Kontseiluaren ibilbidea urratsez urrats izenburuko hitzaldia eskainiko dute Ducontenian; ekainaren 10ean, osteguna, Joan Mari Torrealdai izango da toki berean hizlari «Euskararen historia beltza» hartuz gaitzat; eta kultur ekitaldiekin bukatzeko, ekainaren 11n, ostirala, Goraki abesbatzak kontzertua eskainiko du Eliza Nagusian. Ekitaldiok gaueko bederatzietan izango dira. Gainera azoka egunean kale animazioa ez da faltako Louis XIV plazan: trikitilariak, txalaparta, Ezpeletako txaranga, Pasaiako ziganteak goizetik eta Etzakit musika taldearekin dantzaldia gauean. Bestalde sardin erretegia izango da aperitifa eta afaria eskaintzeko.
Azoka elkartearekin batera antolaketa lanean partaide dira Donibane-Lohizuneko Herriko Etxea, Ikas euskal pedagogia zerbitzua eta Euskal Kultur Erakundea. Laguntzaileak berriz, Gure Irratia, Egunkaria, Gara, Credite Maritime, Pays Basque eta ARGIA aldizkaria dira. Aukera polita euskal liburugintza eta diskogintzaren nobedadeak ikusteko eta ezagutzeko