AEK-ko Abizari euskaltegiak 20 urtetik gorako ibilbidea egin du Elorrion. Hasierako urteetan gau eskola gisa klaseak ematen zituzten eta tokiz ere behin baino gehiagotan aldatu dira. Ikastolan, abade-etxean... egon izan dira baina urteak igaro ahala ikasle kopurua haziz zihoan eta San Juan kaleko 21 zenbakian daude duela 3 urtetik. Abizari Durangaldeko AEK euskaltegiekin koordinatuta dago eta ez du udalaren dirulaguntzarik jasotzen.
Gaur egun 100 ikasle daude matrikulatuta eta euskara klaseak ematen 7 irakaslek dihardute. Euretariko bat Ana Basabe da: «
AEKra hurbiltzen diren gehienak ez datoz titulu baten bila, euskara erabiltzen eta ulertzen ikastera baizik. Izan ere, Elorrion jendeak orokorrean ez du euskaraz hitz egiteko ohiturarik eta lagun-talde euskaldun batean erdaldun bakarra badago erdaraz mintzatzen dira». Basabek azaldutakoaren arabera, herritarrek euskararen ezagutza maila altua dute baina erabilera urria da. «
Helduak eta haurrak dira euskaraz gehien mintzatzen direnak eta egiten dutenean bizkaieraz egiten dute». Elorrion erabiltzen den mintzaera Durangaldeko euskalkia da, baina baditu ñabardura edo aldaera txiki batzuk. Durangon ogiari esate baterako "ogixe" esaten zaio eta Elorrion "ogixa" ahoskatzen da.
Azken 5 urteetan euskararen ezagutza hobetuz doa gazteen artean eta hau datu pozgarria da AEK-ko arduradunentzat. Gaur egun ia ez dute gazterik lehenengo urratsean baina duela 5 urte adibidez euskaraz ezer ere ez zekiten gazteak hurbiltzen zitzaizkien. Izan ere, Elorrion gero eta haur gehiago matrikulatzen da D ereduan eta A eredua desagertzear dago, honek guztiak eragina duelarik herriko gazteen euskara mailan.
AEK-ko ikasle kopuruaren % 70 gazteak dira eta asko euskaltegiko mintza-praktika taldean dabiltza. Bestalde, Ane Basaberen esanetan, aurten 3 talde berezi dituzte beheko edo hasierako urratsean. Guraso talde bi (Elorrioko Herri Eskola eta Lourdes ikastegikoak) eta eskualdeko «Lince» lantegiko langile talde bat. Izan ere, aurten, «Hobetuz» programaren barruan sindikatuek langileen prestakuntzan euskara ere sartzea erabaki dute. Bestalde, AEK-ko arduradunek diote «
tamalez» Elorrion 35 urtetik gorako herritarrak euskaraz alfabetatu gabe daudela. «
Joan den urtean izan genuen talde bat eta bertan euskaraz irakurtzen eta ulertzen irakasten genien, baina gaur nahiz eta premia handia egon, ez dugu alfabetatze talderik».
Elorrioko Udalean gaur egun ez dago euskara teknikaririk. Arrazoi hau eta beste batzuk direla medio, AEK-k herriko beste elkarte, ikastetxe eta alderdi politiko batzurekin batera Euskara Kontseilu bat eratu berri du, honela herrian euskararen erabilera bultzatzeko asmoz. Bertan lanean dihardute Herriko Ikastetxeak, Arriola Kultur Aretoa, Gaztetxea, aisialdi talde bi (Amalur eta Intxorta) eta alderdi politikoetako ordezkari batzuk (Elorrioko Independenteak, Euskal Herritarrok, Eusko Alderdi Jeltzalea). Euskara Kontseilu honek herrian lan egiten du, egitasmo desberdinak abian jarriz. Besteren artean, udalari herriko ekitaldiak euskaraz antolatzea eskatzen dio eta haurrak D ereduan matrikulatzeko kanpainak egiten ditu