Jose Maria Fernandez de Sousak esan duenez, hiruzpalau urteren buruan litekeena da bere jatorria itsasoan duen aurreneko botika merkatuan egotea: Zeltia izeneko enpresa farmazeutikoak erosi zituen Farmamar enpresaren kapitalaren bi herenak, eta jatorriz itsasoko printzipio farmakologikoen ikerketan aitzindaria den enpresa horrek, jadanik nahiko aurreratua omen du hainbat minbizi motaren tratamendurako oso baliagarria izan daitekeen produktu bat, ET743 izenekoa hain zuzen ere.
Botika berriaren esperimentazioaren aurreneko faseak, pertsonek produktu horrekiko duten tolerantzia neurtzea du helburu. 160 pazienteren laguntzaz egiten ari den fasea emaitza onak ari da ematen, eta antza, tumore jakin batzuren aurrean nolabaiteko eraginkortasuna ere erakutsi du, enpresako iturriek esandakoaren arabera.
Fernandez Sousak nabarmendu zuen enpresa multinazional askok eta inbertitzaile ugarik interesa agertu duela produktu honekiko, eta horrek bere eragina eduki du Zeltia enpresaren akzioek burtsan duten kotizazioan, balore hori lau aldiz biderkatu baita 1998an zehar.
ET743az gain, Farmamar-ek baditu beste bost produktu, sektoreko espezialisten ustez jatorria itsasoan edukita, merkatura lehenago aterako direnak. Eta Fernandez Sousak esan bezala, ikerketa honen garrantzia egunetik egunera handiagoa izango da, itsasoan baitute bere jatorria espezie gehientsuenek