argia.eus
INPRIMATU
EUSKARAZKO HARREMAN PROFESIONALAK INTERNETEZ
Mikel Asurmendi @masurmendi 2021eko uztailaren 15a
Interneten nabigatzeko ohitura baduzu, profesional izan edo ez izan, UEMAko udaleko partaide izan edo ez, www. jalgi.com/uema kokagunean sar zaitez, eta bertan hainbat profesionalen zerbitzua eskuratu ahal izateko datu basea aurkituko duzu. Guk gure ibilalditxoa burutu dugu, eta argibide eta bitxikeria bat edo beste hona ekarri zuretzat. Web-orrion helburua, ahozko eta idatzizko harreman arruntak eta profesionalak euskaraz izateko gai diren eta prest dauden profesionalak ezagutzera ematea da. Kontsultatzailearen eskueran hainbat lanbidetako profesionalen xehetasunak aurki ditzakezu hartaz. Hego Euskal Herriko lau herrialdetako 94 abokatu, 17 arkitekto tekniko edo aparejadore eta 31 arkitektoen helbideak dituzu. Baliteke, zuk zeuk, ezaugarri hauek betetzea eta datu base honetako zerrenda osatu nahi izatea. Gainera, UEMAk profesional zerrenda hau zabaltzeko lanean dihardu eta laster batean, ingeniariak, kontsultoreak, ekonomilariak, administrazio-gestoreak, gizarte-laguntzaileak, gizarte-graduatuak, itzultzaileak, eta abar gehituko dira zerrenda honetara. Horietako bat bazara, web-gunearen beraren bitartez zure izena eta ezaugarriak eman ditzakezu.
Arestian aipaturiko 142 profesional horietako multzo handiena abokatuek osatzen dute: 94. Arkitektoak 31 dira eta aparejadoreak 17. Lurraldeka gizpuzkoarrak ditugu nagusi, 112 guztira. Atzetik, nafarrak doaz, 22. Bizkaitarrrak 5 dira eta arabarrak 3. Bizkaitarren kasua da deigarria. Lurralde honetan diren euskaradun kopurua nahiz UEMAko partaide diren 10 udalerriek profesional euskaldun oso gehiago ekar baitezake zerrenda honetara ziuraski ere. 5 partaide besterik ez izatea, teorikoki bederen, ez da normala. Gipuzkoarrak oso dira barreiatuak, Donostia hiriburuan gehienak izanik ere, herrixka txikietan bizi diren partaide ugari dago. Iruñean kokatuak dira nafar euskaldun profesional gehienak; gauza normala jakina. Normala denez ere, berezko eskualde euskaldunetako kideak zerrendan ikustea. Bada kasu deigarri bat ordea, euskarak ofizialtasunik ez duen eskualdeko partaide bat aurkitzea, Corella herrian hain zuzen. Jose Antonio Fernandez Aiestaran arkitektoa dugu bera. Azkenik, arabarrak hiru dira, gasteiztarrak hirurak.


PROFESIONAL EUSKALDUNEN ZERBITZUA BAINO GEHIAGO.

Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea 1998. urte bukaeraldean abian jarritako ekimena da; bi xede orokor hauekin abian jarri ere: Udalerri euskaldunetako herritarrek garatzen duten bizitza soziala, publikoa zein pribatua osoki euskaraz izan dadin bitartekoak eskaintzea. Eta, udalerri euskaldun guztiek elkarrekin, euskara nagusi izango den lurgunea osatzea. Mankomunitate honek bere izaera juridikoa osatu zuen 1992an, eta orduz geroztik, 32 udalerrik osatzen dute UEMA: hurrenez hurren, Arabako Aramaio. Nafarrroako Leitza, Goizueta, Zubieta eta Arantza. Bizkaiko Aulesti, Gizaburuaga, Zeanuri, Etxebarri, Munitibar, Gatika, Dima, Bermeo, Gamiz-Fika eta Artea. Gipuzkoako Aizarnazabal, Altzo, Baliarrain, Orendain, Leaburu-Txarama, Lizartza, Orexa, Gaintza, Itsasondo, Altzaga, Zaldibi, Ikaztegieta, Beizama, Oiartzun, Usurbil, Elduaien eta Aduna. Maiatzaren 16an ospatu duten Udalerri Euskaldunen IX. Egunean hiru herri berri gehitu zaizkie: Anoeta, Irura eta Belauntza.
UEMA Iparraldeko udal administrazioarekin elkarlanean aritzeko prest dago era berean, eta bere proiektura biltzeko lanean dihardu. Anartean, EAEko gobernuak onetsitako "Euskara Biziberritzeko Plana" txostenak UEMAren proiektua bere egiten du. Esan gabe doa, proiektu hau herritarren partaidetzaren laguntzaz garatzen ari dela, eta besteak beste, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko partaide ere bada. Besteak beste, euskararen erabilera areagotzeko bi hitzarmen gauzatu ditu dagoeneko. Kutxarekin bat eta AEKrekin bestea. UEMAk euskal lurralde historikoetako instituzioekin dihardu beraz, baita herri ekimenen eskutik aritu ere. Merkatal, osasun nahiz kirol esparruetan eragitea berebizikotzat jotzen du. Kultur esparruan, esaterako, Kultur ELEjira proiektua martxan jarri zuen, eta haren harian, udal euskaldunetako artisten zerbitzua eskura jarri ere Interneten. UEMAk joan den udazkenean zabaldu zuen bere web-gunea eta apurka-apurka osatzen doa. Azken berrikuntza euskaldun profesionalekin harremanetan jartzeko zerbitzua