argia.eus
INPRIMATU
ZEIN DA IRAKASKUNTZA ELEBIDUN HONEN XEDEA?
Mikel Asurmendi @masurmendi 1999ko maiatzaren 16a
Sarrerako lerroak argibide gisa eman dira, aipatu bi elkarteak irakaskuntzako erakundeak bailiran hartuak izan baitira sarritan; eta berauek gurasoen elkarte baino ez dira. Artikulu honetako sujetak, ordea, eskola publiko nahiz pribatuan ari diren gela elebidunetako irakasleak dira. Egun, 75 irakaslek dihardute eskola elebidunetan, hauetatik ordea, 33k baino ez dute kontratu finkorik. Gaineratiko 42tik 36k irakasle izateko baldintzak betetzen dituzte. Kontratu finko bat erdiesteko ordea, Hezkuntza Nazionalak jarritako baldintzak ez dira samurrak. Hezkuntza ministroak lehiaketa berezia proposatu du Ipar Euskal Herrirako; datozen hiru urteetan betetzen joanen dena. Anartean, 42 irakasle hauek ordezko irakasleak bezala jo behar ditugu, oro har, irakaskuntzan ari diren irakasle guztien baldintza didaktikoak oso eskasak izanik.


IRAKASLEEN OKUPAZIOAK.

Auzia ez da oraingoa, aipatu lehiaketa lortu ahal izateko hainbat izan dira irakasleek burutu izan dituzten mobilizazioak. Hezkuntza Nazionalak Uztaritzen duen Akademia okupatu zuten 30 irakaslek azken aldikotz. Aurretik berriz, 24an, Jean Espilondo diputatu sozialistari bisita egin zioten Baionan, hezkuntz ministroari irtenbide bat eska ziezaion. Gestio horren ondotik, Claude Allegre hezkuntza ministroak

concours
edo lehiaketa bat jarri izan du indarrean. Lehiaketa gainditzeko lau urteko esperientzia behar dute irakasleek alta, eta bertan ez da irakaskuntzan zenbat irakasle integratuko diren zehazten. Thierry Delobel Ikas-Bi elkarteko lehendakariak interesgarritzat jo zuen Frantziako Gobernuak eginiko proposamena, gutxitan baita halakorik bere ustez. Delobelek ordea, kritikatu zuen euskarazko postuak kentzeko dagoen mehatxua. Baionan, esaterako, datorren ikasturterako gela elebidun bateko haur kopurua 20 ikasletara iristen ez denez, Hezkuntza Nazionalak gela ixteko asmoa agertu du. Sarako eskola publikoan antzeko kasua izanez Hezkuntza Nazionalak ez du gela itxiko, herriak borrokatu baitu erabakiaren kontra.


LAN BALDINTZA KASKARRAK.

Baionako egoera oso da kezkagarria. Ikasle kopurua ari da emendatzen eta zenbait eskolatan sistema elebidunean ikasteko eskaera gero eta handiago da. Haurrak hirietako erdal itsasoan tantak baino ez dira, eta herri txikietan ez bezala euskarazko irakaskuntza erdiestea zailago dute hauen gurasoek. Pantxo Michelena dugu euskarazko irakaskuntzan aspaldidanik ari den irakaslea. Kontratu finkoa dauka eta esperientzia luzea gela elebidunetan: «

Irakasleok ez dugu onartzen Hezkuntza Nazionaletik dagoen diskurtsoa. Konparazione, guk biltzen ditugu anitz ikasle lehen mailan, batere euskaldunak ez direnak; etxeko transmisioa eten baita. Haurrek ez dute hitz egiten, zenbait kasutan hogei ikasle erdaldunekin osatzen dugu gela, eta gela horretan ez duzu erakasten ahal. Guk eskatzen dugu kopurua hamabost ikaslera jaustea. Kezkagarria da egoera. Batzutan ikasle baten faltan (hemeretzi ikasle) ez da gela elebidun bat irekitzen, eta bestetan, irakasleok hogeitalau ikasleko gela kudeatu behar dugu
».
Irakasle hauen lan baldintzak ez dira batere hobetzen. Konparazione, irakaskuntzarako materiala oso eskasa da beraien ustez. Ikas zentroaren laguntzarekin kontatzen badute ere, Hezkuntza Nazionalaren aldetiko laguntza oso eskasatzat jotzen dute. Militante lanari esker ateratzen ari dira aitzina gela elebidunak. Irakasle militante, baina aspertzen ari dira. Maritxu Charriton dugu kontratu finkorik ez duenetako bat. Lehiaketara aurkezteko bi urte itxaron beharko du ordea: «Lau urteko esperientzia behar da, eta nik bi urte baino ez daramatzat eskola publikoan. 2001. urte arte beha egon behar dut

concours
delakora presentatzeko». Irakasle hauen ustez, elebidun sistemaren gibelean gezur bat dago, eta jokutria pixkabat ere bai. Claude Allegre ministroak proposaturikoa irtenbidetzat jo izan bada ere, irakasle hauek, zehazpen bi eta galdera hau pausatzen dizkiote Hezkuntza Nazionalari: «

Oraingo baldintzetan ez dira haur elebidunak sortzen. Hezkuntza Nazionalak dituen helburuak finka ditzan garbiki. Zein da irakaskuntza honen xedea, alegia?
»