Aste honetako ibilbidean, leizearen sarrera eta irteerak bixitatzeko aukera izango dugu, bertan paisaje eta landaredi aldaketa gogorrak ikusteko aukeraz. Honela, erkameztitik artadira eta txilarditik errekan barrena pagadira joango gara, berriro hasierako lekura itzuliz.
Eginotik Ilarduiara heldu baino apur bat lehenago, Lezera doan pista hartuko dugu ezkerraldera, iturri, haur parke eta zentral hidroelektrikoarekin topo eginez. Txangoa hemendik hasiko dugu, eta iturri alboan dagoen mapan inguruko topografiaz ondo jabetu ondoren, mendebaldera doan bidezidorra hartuko dugu, baserri baten albotik igaroz. Erkamezti dei geniezaiokeen basoa,
Quercus
generoko haritz, arte, ametz eta beste hainbat hibridoz osatua dago, baina nahaste horren barnean ere ugaritasunak ordenatuak ageri dira. Haritzak ugariago direlarik basoaren hasieran, ondoren erkametzak eta basoaren amaieran arteak egiten dira jaun eta jabe. Basoko zuhaitzak bakandu eta soilgunera iristean (1 km) Alezeko erreka izango dugu aurrean, berau zeharkatu barik errekaren ezkerraldetik esemeseka Atxipira doan bidea jarraituko dugu. Bidean, basoa oso irekia da bostorrien (
Potentilla sp.
) lore horiak nabarmen utziz. Bidean deigarria egiten zaizkigu hiru arte sendo, adarrak gurutzatuak dituztenez elkar besarkatzen daudela diruditelako. Maldagatik erortzen diren harriek zaildu egiten duten bertako bizitza eta baldintza desegonkor hauetan hurritzak ugari agertzen zaizkigu bide ertzean.
Atxipi lepoan (2km) landaredia bortizki aldatzen da, bidexkaren arrastoak galduz zohikaztegi barnean. Metro batzuk gorago buztanzuriak eta antzeko txoritxoak ikuskor bilakatzen dira zelaietan etxabereen artean agertuz. Altzanegira gerturatzeko edo ezkerreko harana igarotzen duen basobidea hartzeko aukera izango dugu.
Basabide hauek pagadian sartzean bidea utzi eta beheko errekara hurbilduko gara errekaren eskuinetik uraren bidea jarraituko dugularik. Erreka alboetan hezetasun ikaragarria denez lurrak etengabe ureztatuak diraute elikagaien berziklapena oztopatuz, hau dela eta, zenbait landare intsektiboro bilakatu dira, hauetako bat
Pinguicula vulgaris
dugu eta lezeko erreka ertzeetan ikus genezake. Bere hostoak berde argiak dira eta erroseta moduan kokaturik lore more bat izaten dute. Honek sustantzia ligirdatsuen bidez hostoetan itsasten ditu intsektuak ondoren kanpo liseriketaz behar dituen elikagaiak eskuratuz. Presa igaro eta bere oinetan, (4km) erreka zeharkatuko dugu. Erreka ertzeko haltzen artean, iratzeak udaberrian hazkuntza zirtzilatuaren eraginez itxura kiribildu bitxia izaten dute. Presaren ezker aldean bidea aurkitu eta lezeko ahora inguratuko gara. Bidezidor hau errekari paralelo doa baina ez berari itsatsita, ondorioz, errekaren sarrera ikusteko bidetik irten egin beharko dugu. Lezeko aho ingurua oso malkartsua da leizeak eragiten duen ikara areagotuz, goiak eta beheak zulo bilakatzen direlarik. Bidera itzuliz pagadian gora egingo dugu. Muxarrarentzat ezinbestekoak diren zuloak pago zaharretan topatzen ditugu, baina muxarra ekainetik abendura soilik ikus dezakegu neguan hibernatzen dirau eta. Urubia du muxarrak harrapakaria eta hau neguan bere dietaren beste osagaiez elikatzen da arratoi, igel, txoritxoak eta abar. Basoetako harrapakari hau gautarra da muxarraren moduan eta harrapakari gautarren artean ondoen kontserbatzen dena. Udaberrian loratzen diren baso-eguerdilili artean gora egin eta halako batean, Olanoko lepoa geureganatuko dugu (5 km). Hemendik paisaje aldaketa gogorrra ikusten da iparraldean pagadia eta hegoaldean karst egitura harritsuetan harrokatako landareak ugaritu egiten dira;
Saxifraga sp.
adibidez. Olanora igo behar bagenukeen moduan ezkerraldera jarraitu eta zeharka hasierako lekura joango gara. Maldan behera haran osoa ikus genezake, haran honetatik Burdeosetik Astorgara zihoan galtzada igarotzen zen eta erromatarren aztarnak ere ugariak dira. Behera iritsi baino lehenago presatik datorren hodia gurutzatuko dugu, mende hasieran eraiki zen presa, hodia Lezetik igaroaraziz, zentral hidroelektrikoaren indarra areagotzeko baina matxura baten ondorioz apurturik gelditu zen. Gaur egun erabiltzen den hodiak harkaitza zulatzen du.
Maldak igarota Lezearen hegoaldeko ahoa da ikusgai. Hormetan eskalatzaileez gain, usoek egiten dute habia. Amaitzeko parkea eta iturria bixita genitzake