Kale gorrian geratu ziren duela urtebete; udalak lokala hustuarazi baitzien ganbaran obrak egin behar zituztela argudiatuz. Hori ordea, aitzakia ofiziala izan da. Horren atzean arrazoi politikoak egon dira.
«Rekondo alkateak udal irratia egitea proposatu zigun; guk noski, ezezko borobila eman genion» azaltzen digu Sera Molotoffeko buruak.
«Irratia sortu zenetik, 1987tik, udalak utzitako ganbaratik emititzen genuen. Zoritxarrez, harremanak haiekin okertzen joan ziren eta programazio berria prestatzen ari ginela, alkatetzatik agindu bat jaso genuen ospa egin behar genuela esanez».
Komeriak atzean utzita, ezerezetik eraiki dute irrati berria. Makina bat lokal ikusi ondoren, azkenean, «Kapote» etxebizitza kooperatibari esker, Sagastialde kalean atzeman dute. Sabaia eta hormak egokitu dituzte irratigintzan aritu ahal izateko.
«Hernaniar eta irrati kideen elkartasuna eskertu nahi dugu; baita herriko zurgin, elektrikari eta iturginen laguntza ere». Bitartean, San Juanetan, pizgailuak eta egutegiak saltzen jardun dute. Baina jakina, horrekin ez da aski; lokala hilero ordaindu, lan tresna berriak erosi eta estaldura hobetzeak diru iturria sendotzea eskatzen baitu. Beraz, bazkide sarea antolatu dute, 105era iritsiz.
Programazioan dauden 29 irratsaioen osatzeko, ehun lagun inguru aritzen dira lanean. 46 ordu zuzenean, 28 errepikapenak eta musika 8 orduz. Euskararen erabilera ere % 90era igo da. Betiko emankizunez gain, «Hamaiketoff» eta «Atsaldetoff» magazinak nabarmentzen dira. Egoera berriaren jakitun, Urumea bailarako hedabidea izaten jarraitu nahi du irratiak, bertako gertaerak, kontraesan eta bizipozei bide eman nahian. Eskari bat ere badu Serak,
«Gaur egun Molotoffek ez du lizentziarik. Beraz, Eusko Jaurlaritzari behingoz, irrati libreoi babesa eman diezagula eskatzen diogu» PABLO SANCHEZ