argia.eus
INPRIMATU
Jarrai, zorionak eta eskerrik asko
1999ko maiatzaren 16a

Z

orionak:
Orain 20 urte euskal gazte talde batek Jarrai sortu zuenean seguraski ez zuen pentsatuko 20. Urtemuga inoiz ospatzera ailegatuko ginenik, beste gauza askoren artean 20 urte bete baino lehenago Independentzia eta Sozialismoa eskuratuta izango genuelakoan, eta gutariko askori hori gertatu zaigu, hots, Jarrain sartu eta handik gutxira Borroka irabazita zegoela pentsatzen genuelako. Baina borroka gogorra da, aurrean daukagun etsaia ez da makala eta bere esku dauzkan tresna guztiak Euskal Herriaren kontra erabiltzen dituelako. Eta horra hor zorionak emateko beste arrazoietako bat. Jarraik bizirik dirau etsaiak bere aurka eginiko eraso guztien gainetik, bai euskal gazteriaren kontra erabilitako errepresio mota guztien gainetik, bai akulturalizazioaren gainetik, eta baita ere indibidualismoaren gainetik.
Eta atzera begiratuta zenbait gauza etortzen zait burura, ZEN Planaren kontrako mobilizazioak, drogari buruzko eztabaida bitxiak, soldaduskari buruzko eztabaida bukagaitzak, Kimuak-en sorrera, Gaztetxeak zabaltzen sartutako indarrak, eta nola ez Martxa eta Borroka, Gernika 37-87, kongresuetako gauetan eginiko parrandak eta herrialdekeriei buruzko txisteak.

Eta eskerrik asko:
Eskerrak emateko arrazoi asko daude, baina nik bi aukeratuko ditut. Lehenengo eta behin Euskal Herria maitatzen erakusteagatik. Jarraitik pasatutako pertsonak milaka izango gara, eta seguru nago guzti guztiok marka horrekin atera garena, erakunde horretan emandako urtetan Euskal Herria helburu izatea ikasi dugulako.
Eta bigarrenik, eskerrik asko bizi dugun une historiko honetara ailegatzen laguntzeagatik. Jarraitik pasatutako jende gehienak bere militantzia Ezker Abertzaleko beste erakunderen batetan jarraitu du, eta hemen Txato (Anuk) aipatu behar dut, bera izan baita danontzako adibiderik eredugarriena, bere konpromisoa heriotzaraino eraman baitzuen. Jarraitik pasatutako lagunek gaur egun LAB, HB, Egizan, Gara eta beste era askotako erakundeetan darraite bere konpromiso militantearekin, klandestinitatean eta estatu frantziar eta espainiarreko kartzeletan daudenak ahaztu barik, Euskal Herrian ezer ez litzateke berdin izango Jarrai gabe.
Bukatzeko animo eta aurrera Borroka gogorra bezain polita da, eta gaur egun Jarrairen inguruan antolatuta zaudetenok ondo dakizue, etsaiak ezin baitu onartu Euskal Herriaren Askatasuna egunero eraikitzen duen Jarrai bezalako erakunde bat paketan aritzen uzten. Beraz, jopuntuan jarraitu arren, jarrai ezazue Euskal Gazteria antolatzen, Euskal Gazteriarekin lanean ikastetxeetan, kaleetan, jarrai ezazue Euskal Gazteria eta gazte-ohientzako eredua izaten, jarrai ezazue Euskal Herria askatzen, Euskal Herria eraikitzen, jarrai ezazue Independentzia eta Sozialismoaren bidean. Garaipena gurea da, galtzen den borroka bakarra bidean uzten duena da eta. Eskerrik asko eta Zorionak Jarrai. Zorionak beti