argia.eus
INPRIMATU
BERRIKUNTZAREN ARKUA, PROIEKTUEN PROIEKTUA
  • Jundizekoa eta Arabako Teknologi Elkartegia. Araba Erdialdeko Lurraldearen Zatiko Planak Langraiztik Legutiora bitartean makropoligono bat egitea aurreikusten du, berton dauden industri eta zerbitzu enpresen jarduera bultzatzeko asmoz.
1999ko maiatzaren 16a
Aurreko legegintzaldian Lurraldearen Antolamendurako Artezpideak (LAA) onartu ziren. LAAetan garrantzi handia eskaini zitzaion lurraldearen antolamenduari. Horren ondorioz, Arabako Foru Aldundiak beharrezkotzat jo zuen LAAetan Araba banatzen den hiru eremuen (Araba erdialdea, Aiara eta Arabako Errioxa) antolamendua egiteko ahaleginei eustea. 1998. urteaz geroztik Aldundia, Eusko Jaurlaritzarekin batera, urratsak ematen hasi da eta horien fruitua Araba Erdialdeko Lurraldearen Zatiko Plana (LZP) izan da.
LZPn eskualdea berrantolatzeko proposamen ugari dago, baina, proposamenak baino ez dira, oraindik dokumentua onartu gabe dago eta. Hemendik urtebetera abian jarriko dela uste dute foru-arduradunek.
LZPren proposamen estrategiko garrantzitsuena Berrikuntzaren Arkua deritzona da. Berrikuntzaren Arkuak Jundizeko poligonoa, Forondako aireportua, Miñanoko Teknologi Elkartegia, Goiaineko parke teknologikoa eta jarduera aeronautikoak eta logistikoak bere baitan hartzen ditu, besteak beste. LZPk euren jarduera indartzea du helburu.


Jundizeko poligonoa dinamikoenetarikoa

Berrikuntzaren Arkuaren antolamenduak Langraiztik Legutiora zabaltzen den lurralde zabala hartzen du. Arkua Gasteizko hirigunetik hurbil eta hiri nagusiaren udal-mugartearen barruan ezartzen da zati batean.
Guztira 5.000 ha. inguruko lur-eremua hartuko luke Berrikuntzaren Arkuak. Eremu horretan Jundizko industrialdeak 400 ha. hartzen ditu. Poligono hori Arabako dinamikoenen artean dago.
1982an lehendabiziko enpresak kokatu ziren Jundizen eta egun 250 baino gehiago daude, horien artean, Daewoo eta Saunier Duval. Jundizen gainera, penintsulako iparraldeko merkantzia zentrorik esanguratsuena dago, Gasteizko Garraio Zentroa, bere baitan Renfeko merkantzi-geltoki berria duela.
Berrikuntzaren Arkuak bere baitan jasotzen dituen proiektuak eta ekintza bideak hurrengoak dira: N-1 errepideari beste motatako tratamendua ematea, Merkantziarako tren-igarobide berria eta metro arineko garraio-linea arina eta zeharkakoa, aireportuari mesede egingo liokeena, Lakuarekin eta Gasteizko gunearekin lotuz

Forondan merkatal gaien trafikoak gora egin du
Berrikuntzaren Arkuak Foronda plataforma ekoizle-produktibo bihurtu nahi du.
Gasteizko aireportuko merkatal gaien trafikoak gora egin zuen 1998an. Forondatik 42.300.000 kilo zama igaro ziren, aurreko urtean baino hamaika milioi kilo gehiago.
Hortaz, Madrilen eta Bartzelonaren atzetik, hirugarren postua du Gasteizko aireportuak zama jasotzeko eta bidaltzeko orduan.
Gasteizko aireportua suspertzeko VIA enpresa sortu zen 1994. urtean. Ordutik VIAn Arabako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, Merkatal Ganbara eta Gasteizko Udala ari dira lanean. Arduradunen helburua Foronda industria ardatza duen aireportua izatea da eta euren produktuak garraiatzeko aireportua ezinbestekoa dutenak erakarri nahi dituzte.
Bidaiarien joan-etorriei dagokienez berriz, emaitzak ez ziren onak izan. Iaz 135.597 lagunek erabili zuten Gasteizko aireportua, azken hamarkadako bidaiari kopururik txikiena