Arabako industri-azpiegitura bultzatzeko ekimenez jaio zen Arabako Teknologi Elkartegia 1992ko urrian. Gasteiztik gertu dagoen Miñano udalerrian erabaki zuten Elkartegiko arduradunek egoitza kokatzea. 117 hektareako gainazalera du, eta horietarik 24, enpresek betetzen dituzte. Gaur egun, Teknologia Elkartegian dauden 32 enpresek, Zamudion eta Donostian dauden beste Elkartegikoek bezala, hiru helburu dituzte: industria eta teknologiaren arteko kooperazioa bultzatu, industria unibertsitateko ikerkuntzarekin lotu eta berrikuntzaren kultura eta teknologia hedatu.
Miñanon dauden enpresetan 1.500 langilek egiten dute lan eta iazko fakturazioa 33.000 milioi pezetakoa izan zen.
Arabako Teknologi Elkartegiak bertan finkatu nahi diren enpresei kalitate urbanoa eta ingurugiroa zaindu ezezik, teknologia oso aurreratuak dituzten eraikinak izatea ere eskaintzen dizkie.
Sektore asko dago Elkartegian, beti ere, punta-puntako teknologiekin zerikusia dutenak eta kalitate handiko zerbitzuak eskaintzen dituztenak: aeronautika, ingurugiroaren inguruko teknologiak, nekazaritzako elikagaien ingurukoak, elektronika, informatika, telekomunikazioak, opto-elektronika, ongizatearen teknologia...
CEIAk Miñanon du egoitza
Jarduera nagusienak sektore aeronautikoa eta energetikoa dira. Aeronautikako Teknologi Zentroak (CTAk), esaterako, Arabako Elkartegia aukeratu du bere egoitza finkatzeko. Teknologia aeronautikoekin zerikusirik dituzten ekintzak bultzatzen ditu zentroak. Bere baitan Gamesa Aeronautica, ITP (Industria de Turbopropulsores), eta Sener bezalako enpresa indartsuak daude.
Bestalde, Miñanoko parkean, Energiaren Teknologia Zentroa ere badago. Zentroa Mondragon Corporación Cooperativa (MCC), Iberdrola, Babcock Wilcox, EVE eta Idom enpresek osatzen dute.
Arabako Enpresen eta Berrikuntzen Zentroa (CEIA) Teknologi Elkartegian kokatua dago. Berriztapen asmoa duten enpresei tokia eta oinarrizko baldintzak eskaintzen dizkie enpresa-proiektuak burutu ditzaten. Gaur egun, aipatu baldintzak betetzen dituzten 25 enpresa inguru daude CEIAren baitan.
Arabako Teknologi Elkartegiko egitasmoen artean hitzaldiak, mintegiak, erakusketak eta biltzarrak antolatzea daude. Gainera, industria unibertsitateko ikerkuntzarekin lotzeko asmoz, Elkartegiko arduradunek Euskal Herriko Unibertsitateari gela bat utzi diote Unibertsitate-ikasketen amaierako proiektua izeneko irakasgaia emateko eta hitzaldiak zein ikastaroak antolatzeko.
Arabako Teknologia Elkartegia abian jarri zenetik, urtetik urtera enpresen kopurua gora doa. Arduradunek egindako aurreikuspenen arabera, 2002. urtean 75 izango dira Miñanon finkaturik egongo diren enpresak, eta horretarako Elkartegiak bere azpiegitura garatzen eta handitzen jarraitu beharko du. Horrek 47.000 milioi pezetako inbertsioa eskatzen du.
Parkea Batzorde batek kudeatzen du. Gehiengoa, %51 alegia, SPRIk dauka eta gainontzekoa Arabako Foru Aldundiak. Gasteizeko Udalak akzioak ditu Arabako Teknologi Elkartegian