Ziburuko Piarres Larzabal ikastegiak laster beteko du bere lehen ikasturtea. Kosta ahala kosta, izapide administratiboak gaindituak, gurasoek –arrantzaleek antxoa kanpainari ekiten dioten antzeratsu– diru biltzeari ekin zioten joan den urriaz geroztik. Antxeta itsastxoriak sinbolizatzen duen kanpainaren leloak honela zioen: «Bost mila hegadaren laguntza behar dugu». Asko falta arren antxetak hegaz segitu nahi du.
800 hegakada
Portuz portu, herriz herri, Antxeta kanpainak jomuga dituen 5.000 hegakadatik 800 egin ditu engoiti. Esan gabe doa, Ziburuko gurasoek oraindik hegakada gehiago gauzatzeko lanean segitzen dute. Anartean, ordea, orain arte beren laguntza ekarri duten herritarrak eskertu nahi dituzte, eta kanpainak aitzina jarraituko duela adierazi ere. Hegoaldeko honoko udaletxeok laguntzaile izan dira orain arte: Oñati, Anoeta, Arrasate, Zizurkil, Lezo, Beizama, Andoain, Astigarraga, Beasain, Usurbil, Bergara, Orexa, Legazpi eta Ikaztegieta, Gipuzkoan. Bizkaian, Zaldibar eta Otxandio. Gaineratiko elkarte laguntzaileak, honoko hauek: Orio Arraunketa, Galdakaoko UE langileak, Aitzaga, Ttakun, Zuhatza, Galtzaundi, Hartzea, Hik Hasi, Zumaiako bertso eskola, Barakaldoko Sasi Buru, Desirikitzen, Usurbilgo HB eta EA alderdiak, Usurbilgo txistulariak, Andatza mendi elkartea, Zumarte musika eskola, AEK, Zazpiak Bat, Ez da musik elkartea, Luzean, Begiraleak eta Hazia.
3.000.000ko proiektua
Piarres Larzabal ikastetxeko irakasle eta ikasleak behin-behineko eraikin batean ari dira lanean: Ziburuko Marinel Eskola zaharraren egoitzan. Frantses hezkuntza eta administrazioarekin kontratua sinatua dute datozen bi urteetarako. Lehen bi urte hauetan 900.000 liberako aurrekontua aurrikusia dago, eta 2000-2001 ikasturtetik aurrera eraikina erosteko posibilitatea aurrikusia ere. Ikastegia bertan finkatu ahal izateko, beste bi miloi libera gehiago beharko lirateke. Hiru miloi libera (75 miloi pezeta) guztira. Ikasturte honetan 75 ikasle eta 18 irakasle ari dira bertan. Zuzendaritzak eginiko aurrikuspenen arabera, heldu den ikasturtean 124 ikasle arituko dira, bi urte barru 172 eta hiru barru 185. Orotara, hiru ikasturteetan 110 ikasle gehiago izanen ditu ikastetxeak. Bigarren maila deritzan zikloaren lehen bi urteak baino ez dira orainokoan ematen. Datozen urteetan osatuko dira gaineratikoak.
Talde baten ekimena
«Antxeta Euskal Herrian zehar» lemapean abiatu zen kanpainaren lehen txanpa amaitutzat jo dute gurasoek. Esan bezala, 800 hegakada burutu dira eta 5.000 arteko asmoa atxiki ere bai. Hegakada bakoitzeko 200 libera edo 5.000 pezeta bildu dira. 160.000 libera (4 miloi pezeta) guztira. Kanpaina ez da bururatu haatik. Udaberri honetara bitartean bazter ugari kurritu ditu Antxetak eta datorren udazkenaz geroztik beste hainbeste kurritzeko presto bide dago. Anartean, Ziburuko ikastolako gurasoak Herri Urrats festan engaiatuak dira