Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak kaleratzen duen «Administrazioa Euskaraz» aldizkariaren 24. alean, Filologian doktorea den Nekane Orozek nafarrek euskararenganako dituzten jarreren inguruko artikulua idatzi du. Besteak beste, horrelakoak esaten ditu bertan:
«Egindako ikerketan agerian jartzen dudanez, aldeko jarrera dago Nafarroan euskararengana. Oro har, jendeak zientzi jakintza emateko gai den hizkuntzatzat hartzen du, eta, azken finean, kultur hizkuntzatzat. Ezinezko genuen hori orain zenbait urte, Euskaltzaindiak 1979.ean argitara emandako
Conflicto lingüístico en Euskadi lanak garbi erakusten duen bezala. Irakaskuntzan, zerbitzuetan eta hedabideetan sar dadin aldeko jarrera dugu oro har, baina, aldi berean ere, axolagabetasun handia. Gutxienena da kontrako jarrera. Datu horiek bat heldu dira azken urteotan Nafarroan egindako ikerketa soziolinguistikoen ondoriozko datuekin, eta komunitate honetan euskararen etorkizunari buruz ikuspegi baikorra edukitzeko modua ematen dute. Nolanahi ere, alde handiak ditugu oraindik euskaraz eta gaztelaniaz mintzatzen diren komunitateen artean. Egoera horretan begibistakoa da Euskararen Legeak ezarritako hizkuntz zatikapenaren eragin txarra».