Azken urteotako nazioarteko egoera politikoa dela-eta, aldaketa nabarmena gertatu da armak eta munizioa egiten dituzten mundu osoko enpresetan, baita Euskal Herrikoetan ere. Azken hamarkada arte, Euskal Herria arma ekoizle eta esportatzaile pribatu garrantzitsua izan da. Hego Euskal Herriak biltzen zuen Espainiako gerra material sektore osoko zati nagusia, eta gehienbat mortairuak, jaurtigaiak, munizioa eta arma motzak ekoizten ziren. Tamalez, Hego Euskal Herrian egindako arma asko munduan zehar gertatutako hainbat gatazkatan erabili izan da, gehienbat hirugarren mundukoetan. Egiazko bezain lotsagarri, Txile, Argentina, Paraguai, Maroko, Iran, Irak, Turkia eta Hego Afrikan herri eta pertsona asko deuseztu izana lepora zekiokeen hainbat euskal enpresari.
1986an, Espainiako industria militarraren momentu ezin hobean, 250.000 milioi pezetako balioa zuten armak esportatu ziren, zeinetatik 150.000 milioi Hego Euskal Herrian egindakoenak liratekeen. Urte horretan bertan, euskal industria militar pribatuak 20.000 milioi pezetako etekinak izan zituen. Urte horretan Espainia zortzigarren postuan zen hirugarren mundurako arma esportatzaileen artean. Mundu osoko arma ekoizleek lau bilioi pezetako etekinak izan zituzten 1986an.
Hain zuzen ere, azken asteotan, Amnesty International eta Bartzelonako Unibertsitateko Unesco Katedrak Espainiak arma salmenta areagotu duela salatu dute; hauen esanetan, bostgarren postuan legoke orain, EEBB, Errusia, Erresuma Batua eta Frantziaren atzetik. Era berean, erosle nagusiak giza eskubideak bortxatzen dituzten herrialdeak direla adierazi dute, Turkia kasu. Espainiagandik independente diren erakundeok Turkiari 240.000 milioi pezeta balio izan duen armamendua saldu zaiola ziurtatzen dute, Ekonomia Ministerioak 97.000 milioi izan direla esan arren.
Azken urteotan gauzak aldatu egin dira, batez ere euskal arma industrian. Gerrarik ezak –Jugoslaviakoa bezalakoak salbu– enpresa asko bere ekoizpena esparru zibilerantz dibertsifikatzera behartu ditu, hori egin ezean itxi egin beharko bailukete. Bada Euskal Herrian egoera horren adibide garbirik ere.
Izan ere, Euskal Herrian industria militar pribatuak arrakasta izan du, eta munduko gerra askotarako armak bertotik irten izan dira. Mundu osoan ospea izan du euskal arma industria horrek. Azken urteotako aldaketa nabarmena –gerra gutxiago daudela, alegia– Markinako Esperanza y Compañía (ECIA) enpresak islatzen du.
Esperanza y Compañía 1925ean sortu zuten Gernikan, Deriora pasa zen gero, eta azkenik Markinara. Enpresa honen kapitalaren zati handiena garai hartako Banco Vizcayaren esku zegoen, eta bere sektoreko munduko enpresa garrantzitsuenekin lehiatu du (frantsesak, israeldarrak, iparramerikarrak, japoniarrak) mortairu eta kalibre guztietako munizio ekoizpenean. Iran, Irak, Japonia, Hego Afrika, Estatu Batuak, Maroko, Txile eta abarrentzat lan egin izan du enpresa bizkaitar honek. 80ko hamarkadan ECIAk urtero batez beste 3.000 milioi pezetako balioa zuen armamentua saltzen zuen. 1987-1988 urteetan hasi zen, hain zuen, beherakada, gerrarik ezaren eskari murrizketak eraginda. Ekoizpena esparru zibilerantz dibertsifikatzen saiatu zen ECIA enpresa, baina ez zitzaion errentagarri suertatu eta 90eko hamarkadan betirako itxi behar izan zituen ateak.
80ko hamarkadan 25 ziren Espainian industria militarrarekin zerikusia zuten enpresak, horietatik 11 Hego Euskal Herrikoak. Beraz, Esperanza y Compañíaz gain, baziren Hego Euskal Herrian Gamesa, Expal, Instalaza, Arrizabalaga Alberdi, Astra Unceta, Dicosa, Industrias Irus, Llama y Gabilondo, Olave Solozabal, Orbea, Placencia de las Armas S.A., Star, Bonifacio Echeverria.
Momentuotan euskal arma industria, oro har, birmoldaturiko hainbat enpresak osatzen du. Nolanahi ere, oraindik nazioarteko proiektu militar garrantzitsuetan parte hartzen dute hauetako batzuk, aeronautika proiektuetan batik bat. Garrantzitsuenak Sener, Industria de Turbo Propulsores, ITP (Bizkaian) eta Gamesa (Gasteizen) dira. Enpresa hauetako arduradunek ez dute oso gustuko bere produkzio militarraz mintzatzea, eta askotan gutxietsi egiten dute, edo besterik gabe ukatu. ITPko kontseilariorde Joaquin Coellok, alabaina, publikoki onartu zuen iaz bere enpresa «
EFA programaren seme» dela. «
Proiektu militarrek gure salmenten % 30 esan nahi dute», gaineratu zuen Coellok. 925 behargin dituen ITPk 2003. urterako 50.000 milioi pezetako fakturazioa lortzea espero du hegazkintza zibilaren eskutik: 178.000 milioi pezetako eskaria du eta datozen bost urteetarako aurreikusitako 48.000 milioi pezetako inbertsioa