ARGIA-REN APUSTU BERRIA: EUSKAL PRENTSA ON-LINE

  • maiatz osoan zehar berrikuntza garrantzitsuak azalduko dira Interneteko bere gunean. Ekainaren hasieran martxan egongo da Sareko ARGIA, komunikabide digital berria.

1999ko maiatzaren 09an
Interneten edukiak (eta batik bat euskarazkoak) bilatzen dituenak, maiatzean zehar ARGIAren webgunean eduki berriak aurkituko ditu, astez aste gehitzen joango direnak, Sareko ARGIA izeneko komunikazio eta zerbitzu elektroniko gune berria osatu arte.
Gaur Komunikazio Biziagoa S.A.L.ek paperean plazaratzen dituen produktuen edukietan oinarrituko da komunikabide berri hau, normala denez. Baina bertsio elektronikoa baizik ez duten atalak ere izango ditu hemendik aurrera. 1997ko abenduan aurkeztu zen

www.argia.eus
guneak horrela bizi propio eta autonomoa hartu du gaurdanik.
Hasteko, ARGIA astekariaren eduki guztiak daude jadanik bere Internet gunean. Aurkezpen orrian astekariaren gainean klik egin eta hurrengo orrian, paperezko astekaritik azpimarratu nahi izan den gai nagusia eta beste lau gai hautatu azaltzen dira, argazkiz hornituak.
Pantailaren ezkerreko zutabean berriz, aldizkari osorako sarrera dago. Lehenengo, nahi den asteko data edo zenbakia aukeratu behar da: dagoenekoz 1.713.a ere (joan den astekoa) eskuragai dago eta aurrerantzeko guztiak ere artxiboan erraz aurkituko dira.
Eta nahi den artikulua aurkitzeko bi eratako bilaketak ditu eskueran bisitariak: artikuluen generoen araberakoa (elkarrizketak, erreportajeak, iritziak, laburrak...) eta gaiaren araberakoa (argitalpenak, ekonomia, politika, nazioartea eta abar).
Bide batetik edo bestetik sartu, artikulu guztiak izenburuarekin eta sinadurarekin identifikatuak dira. Horietan klik egin eta testuez gain artikulu bakoitzeko argazki bat ere hor duzu. Artikulu nagusiei beraiekin loturiko atal txikiagoak atxikitzen zaizkie. Eta ondorioz, banan bana paperezko aldizkarian ageri diren atal guzti-guztiak harian aurkituko ditu ARGIAren webgunean sartu denak.
Artikulua irakurri eta edonolako iritzi edo iradokizunik egin nahi izanez gero, bakoitzaren amaieran dauka bisitariak ARGIAko erredakziora bidaltzeko aukera erraza.
Ametzagaiña I+Gk garatu duen «Kapsula» teknologiaren gainean antolatu da paperezko astekariaren edukiak Interneten argitaratzeko prozesua. Azken hiru urteotan ARGIA beste bost enpresarekin batera («Euskaldunon Egunkaria», Ametzagaiña, Klaudio Harluxet Fundazioa, HABE eta Adur Informatika Zerbitzuak) aritu da «Kapsula 2000» proiektuan, Eusko Jaurlaritzako Industria Sailaren Intek programaren barruan. Eta lan horren guztiaren fruituetako bat da estreinatu berri dugun ARGIA On-line hau.


EUSKAL KULTURAREN HARIA.

Internet bidez ARGIAk eskainiko duen hurrengo zerbitzuak Euskal Kulturaren Haria izena darama. Gaur egun astekariko erredakzioak euskal kulturari buruz prentsa idatzian (egunkarietan batik bat baina baita beste agerkarietan ere, aldizkari espezialduak, herri aldizkariak eta beste) plazaratzen duten guztia biltzen du. Horren fruituetako bat izan ohi da Urtekariaren zati nagusia. Orain ARGIAk eguneroko bilketa hori euskaltzaleei eskaini nahi die, astearen bost egunetan, hasieran.
Bi modutara egingo du. Alde batetik, posta elektroniko bidez, dohainik bidaliko zaie (testu soil moduan, edonorentzako eskuragarriago izan dadin) horren harpidedun izatea onartuko duten guztiei. Beste aldetik, www.argia.eus gunean ere ikusteko moduan egongo da: bai egun bakoitzak euskal kulturaren inguruan sortu duena eta bai aurreko egunetan bildu diren albiste eta adierazpenak.
Eguneroko bilketan, albisteak, iritziak eta adierazpenak jasotzen dira. Oso labur, hori bai: titulua eta hiruzpalau lerrotako laburpena izango du berri bakoitzak. Albiste, iritzi edo adierazpen horiek bildu dituen komunikabideak horiek Interneten ipiniak baditu, zuzenean orri horretara iristeko modua eskainiko du Euskal Kulturaren Haria zerbitzuak.


AGENDA "EUSKAL KULTURAREN AURKIBIDEA" IZANGO DA.

Interneten ibiltzen diren euskaldunek badakite ARGIAren Urtekariaren Agenda azken urteotan sarean ere ikusgai dagoela. Maiatzetik aurrera, berritu eta osaturik azaltzeaz gain, gaztelania, frantses eta ingelesez ere kontsultatu ahal izango da. Izena ere aldatu zaio. Urtekaria sortu zenetik zerbitzu atal horri eman zaion «Agenda» deitura beste zerbitzu batzuetarako ere erabiltzen du prentsak, eta hortik «Aurkibidea» definizio berria hartzea.
Zerbitzu berri honen bitartez euskal kulturako instituzio, profesional, talde eta denetariko agenteen oihartzuna zabalagotu nahi da mundu osoan zehar, gero eta komunikatuago dagoen planeta honetako edozein herritarrentzako horiek eskuragarriago bihurtuz.
Zerbitzu gehiago ere izango du maiatzetik aurrera ARGIAren Internet guneak. Bilbao Bizkaia Kutxarekin azken xehetasunak lotu nahi dira liburu eta CD formatoan hain arrakastatsua izan den Gotzon Garateren «Atsotitzak» datu basea sarean eskaintzeko: euskarazko atsotitzak eta beren baliokideak gaztelania, ingeles eta latinez. Egokitzapen lan bati esker, hizkuntza ezberdinetan diren atsotitzak eta horien baliokideak bilatzeko modu erraz eta erakargarria izango du Interneteko bisitari euskaldunak.
Itzulpen zerbitzu bat ere eskainiko du guneak, Donostiako Eskura enpresaren bidez. Berrikuntza eta zerbitzu gehiago, udatik aurrera joango dira egia bihurtzen. Orain arteko gainerako informazio eskaintza eta zerbitzuak (Sagardoa Euskal Herrian, asteko eskaintzak, Denda, eta beste) mantentzeaz gain berritu egingo dira ondoko hilabeteetan.
Guztiek osatzen dute Sareko ARGIA komunikabide berria, hala nola, Komunikazio Biziagoa enpresak paperean argitaratzen dituen eduki eta zerbitzuek eta euskarri elektronikoan sortu diren berriek. Aita Kaputxinoek «Zeruko Argia» sortu (1919) eta 80 urtera, eta Donostiako zenbait euskaltzalek «Argia» astekaria plazaratu (1921) zutenetik 78ra, Euskal Herriak euskarazko komunikabide elektronikoa ezagutuko du.


TEKNOLOGIA BERRIEN APUSTUA.

Azpiegituretan eta teknologian inbertitzea aspaldiko apustua da ARGIA astekari honen aldetik. Ahalegin horretan Euskal Herriko Astekariaren ondora bildu den hainbat instituzio eta elkarteren laguntza beharrezkoa izan da jauzi honetarako, eta baita Antza inprimategia, Adur Informatika eta orohar Ametzagaiña Taldeko profesionalena ere.
Interneten 1997tik («Ametza» zerbitzaria martxan jarri zenetik) emandako urratsak handiak izan dira eta zenbait pertsonalitatek publikoki ere aitortu izan du bere garrantzia.
Duela gutxi, Eusko Ikaskuntzak plazaratzen duen «Euskonews & Media» astekari elektroniko elebidunean, honela idatzi du Javier Diaz Noci Euskal Herriko Unibertsitateko Informazio Zientzietako irakasle den eta euskal prentsaren historia idatzi berria duenak:
«

Interneten, dudarik gabe, ARGIAri dagokio iniziatibarik interesgarriena. Agian beraiek dira berritzaileenak, eta ez euskarazko kazetaritzan bakarrik, baizik eta baita orokorrean nahiko tristea den Interneteko euskal kazetaritzaren panoraman ere. 1997 bukaeran ARGIAk webgune anbizioso baten lehen urratsak erakutsi zituen, aldizkari inprimatuaren asteroko edizioa sartzea aurreikusten zuena, eta 1963tik aurrera (35 urtez goiti) plazaratutako elkarrizketa guztien bilaketa interaktiboa eskaintzen zuena. Oro har, ohiko edizioari balio erantsia ematen zion, indar handiagoko beste komunikabide batzuek ulertzen jakin ez dutena edo ulertu nahi izan ez dutena. Biblioteka (eta kasu honetan hemeroteka) birtualen sorrera aldera Internet mailan joera gero eta handiagoa dago, eta kazetaritzak horren gidaritzan ipini beharko du, informazioaren merkatu agresiboan atzera geratu nahi ez badu
».
Euskarak eta euskal kulturak urrats asko eta handiak dauzkate eman beharrak teknologia berrien alorrean ere, eta Interneten zehazkiago esanda. Internetek ez du gaur dirurik ematen euskal kulturak duena bezalako dimentsioetako ahaleginetan, baina inbertsio estrategikotzat ikusi eta jorratu beharra dago. Horretan ari da ARGIA, eta fruitu erakargarri batzuk maiatz honetan zehar ari da erakusten jadanik

Paperaren xarmarik ez du baina...

Astekari hau Interneten bidetik abiatu zenetik, bertako lankideek informazio iturri izan dute nagusiki sarea, komunikazio tresnatzat elektroposta erabiliz. Orain produktuak burutzean inprimategiaz eta paperaz gain sarean hartuko duen forma ere kontuan eduki beharra dago.
Inprimategira doanarekin batera abiatzen da amaraunean sartzeko prozesua ere. Erredaktoreak artikuluaren elementu bakoitza kode baten bitartez identifikatzen du (argazki oinak, testu nagusiak eta abar) gero makinak uler dezan. Eta «Kapsula»ren txanda dator. «Kapsula» Adur informatika enpresak sortutako programa da, dokumentu baseen kudeaketarako softwarea. «Kapsula» softwareak automatikoki (astekariko produkzio arduradunak begiratuko du prozesua ezustekorik gerta ez dadin) kodifikatutako elementu guztiak hartu eta identifikatu egiten ditu: hau izenburua izango da, beste hau argazki oina... artikuluetako elementu guztiak.
Indexazio prozesuaren bidez, artikuluaren elementuak gero pantailan izango duten itxura lortzeko sailkatzen dira, generoka eta gaika. Eta azken urratsa pantailaratzea da. «Kapsula»k artikuluko testu nagusia bilatzen du eta horri dagozkion osagarrien bila hasiko da, pantailan elementu guztiak batera agertzeko.


AUTOMATIKOA ETA AZKARRA. ARGIA.

Astekaria bere dokumentu basea osatzen doa astero eta etorkizunean beste dokumentu base motak sortzeko aukera ematen du; esate baterako, hitz bakar bat sartu eta bilaketak egiteko aukera.
Beste elementu garrantzitsua astero aldizkaria harian jartzea kostatzen dena da. Erredaktoreek eta produkzio arduradunak denbora gutxi erabili behar dute prozesu honetan, aurretik egin den programazio lanari esker, ia osorik automatikoa delako.
Internetez ARGIAren On-line bertsiora hurbiltzen denak ere abantailak topatuko dizkio. Informazio edukiak espreski katalogatuta aurkitzen ditu, eta oso klik gutxitan iritsi daiteke nahi duen artikulura.
Alde horretatik, nori berea. Patxadaz irakurtzeko, astean zehar begiratzeko, argazki ederrez gozatzeko, mendira (edo edonora) eramateko... paperezko ARGIA


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude