argia.eus
INPRIMATU
TXIMISTAREN BALKOITIK
  • Zaharrenetakoa ez ezik, bitxiena ere badugu. Hain zuzen, mendi puntatik emititzen dute. Entzunenetakoa ere bada, emisora lokala izan arren, Bizkaia eta Gipuzkoara hedatzen baita.
2021eko uztailaren 19a
Ez dute ibilbide samurra eduki. Emankizunak Arrateko Andre Mariaren santutegiaren ondoan hasi ziren 1959an uhin ertainean; dena ongi zihoan, harik eta 1964an Francok bipilki galarazi zuen arte. Itxialdiak 14 urtez iraun zuen. 1978an berriro abiarazi bazuten ere, lau hilabeterako baino ez zen izan. Lau urteko ilunaldiaren ondotik, zirt edo zart egin eta ostera ireki zuten. Gaur egun, badago esatea Arratek bere tokia atzeman duela, entzulego izugarri fidela lortuz. Zenbait arrazoi egon litezke horretarako; alde batetik euskara hutsean dela, bestetik programazioak entzuleen gustuekin bat egin izana. Hirugarrena emisoraren kokapen aparta izan liteke, estudioko leihoak zabalik izaten dira maiz, birigarroaren kanta eta oilarren kukurrukua uhinen bidez etxeetan entzun ditzagun.

«Badakigu gure mugak zeintzuk diren, agian horregatik maite gaitu jendeak. Madrilgo irrati eztabaida nardagarrien beste muturrean gaude gu»
azalten digu Bernardo Ibarra zuzendariak.
Neurri handi batean publizitate eta irratiko bazkideengandik jasotzen du sosa; baita Jaurlaritzatik poxi bat ere. Emankizuna egunero dute goizeko 8etatik gaueko 10ak arte, pixka bat denetarik sartuz; hala nola: magazina, elkarrizketak, mezak, kirolak, zorion agurrak, eta abar. Hortik aurrera musika etenik gabe goizalderaino. Dialean 87.7FMean aurkituko duzue, eta kostaldean berriz, 89.7an. Ibarraren arabera

«ez da erraza entzulegoa nongoa den jakitea; Mutriku, Eibar, Arrasate, Elorrio, Markina eta Durangotik Zarautzeraino irrati entzule mordoxka dugu».
Antena mendi tontorrean izanik, beti beldurrez egoten dira ekaitza altxatzen denean.

«Telefonoa korrika batean itzali behar izaten dugu tximistak kiskali ez gaitzan. Aurtengo elurtearekin ere ttipi ttapa oinez igo behar izan dugu, errepidea itxita baitzegoen»ALBERTO ELOSEGI