argia.eus
INPRIMATU
NI, KARTZELAK AKABATUKO NAU
Joxemari Ostolaza 1999ko apirilaren 18a
NI, KARTZELAK AKABATUKO NAU
Eguneroko –astelehenetakoa ezik– gosaria dut gure Egunkaria. Sortu zenetik. Eta apirilaren laukoak, eiogeldia edo, kontraeztarriratu eta bihoztarra utzi zidan. Goiko esaldia xehatu ezinik, irentsi egin bainuen Esteban Esteban Nieto militanteari egin elkarrizketa osoarekin batera. Betealdia. Eta horrek eragindako idorreriaz naukazue oraindik. Ezinegona. «Nik, dena eman dut. Ezin dut gehiago». Horrek, bizia askatasunari eskaintzen ziola jakitun denaren ahots nekatuarengandik etorrita, dardarizoa sortzen dizu, paso egitea eragozten dizuna. Chapeau Egunkariari, bere eguneroko gosaria zapuztu diezaion ezer maite ez duenaren aldetik. Komunikabide berean izan dut kakeria sortu didan berria, aurreko betealdia libra dezadan edo. ETBdosa, ekoizpen berria prestatzen ari omen da. Hemengo missak eta misterrak ari ei dira aukera frogak egiten, Arabako mahastietan barna asma litezkeen istorio mistorioak dituztela oinarri. Euskal Herri bat, eta bi ikuspegi. Aukeran, nik nahiago ETBk Esteban Nietorenaz gidoia Koldo Izagirreren bati galdetuko balio. Ni, besterik ezean, horren alde hilabeteko saria emateko prest. Hasi dadila kanpaina