argia.eus
INPRIMATU
DIRUA
NAFARROAKO BI KUTXAK ELKARTZE BIDEAN DIRA
  • Erabaki honek hainbat urtetan kontrako iritziak jaso ditu kutxetako bi buruen ahotik, baina orain, agidanez, iritziz aldatu dute. 2000. urteko urtarrilaren 1erako gauzatua egotea espero dute.
Daniel Udalaitz 2021eko uztailaren 15a
Nafarroako aurrezki kutxak, hau da, Nafarroako Aurrezki Kutxa (NAK) eta Iruñeko Udal Aurrezki Kutxa (IUAK), bategite prozesuan dira azkenean. Aurreikuspenen arabera, 2000. urteko urtarrilaren 1erako gauzatua beharko luke prozesuak, Nafarroako gobernuburu eta Nafarroako Aurrezki Kutxako buru Miguel Sanzek adierazi bezala. Zenbaitek, HB-k esaterako, orain 10 urte proposaturiko prozesuaren aurrean geundeke hain zuzen ere, beti bi kutxa horietako kudeaketa-organoek zein ordezkari politikoek (UPN-k bereziki) arbuiatutako prozesuaren aurrean.
EAE eta Nafarroako kutxak batzen dituen Euskadi eta Nafarroako Aurrezki Kutxen Federazioaren baitan egon arren, Nafarroako kutxak bere kasa ibili dira beti, are gehiago bategitea bezalako gai korapilotsuari heltzeko orduan. Horrela, 10 urte hauetan EAEko probintzia bakoitzeko Aurrezki Kutxek bat egin duten bitartean, Bizkaian BBK, Gipuzkoan Kutxa eta Araban Vital kutxa eratuz, bere bide propioari eutsi nahi izan diote Nafarroako kutxek.
Orain, EAEko bategite prozesuak kutxa bakarra ahalbidetuko duen honetan, kudeatzaile eta politikari nafarrak mugitzen hasi dira 2000. urtean bi kutxek bat egitea lortzeko. Nafarroako aurrezkien erdia kudeatuko du kutxa berri eta bakar honek, 800.000 milioi pezeta inguru, alegia.
Kudeatzaile eta politikarien arteko tirabiren ostean, hasi dira azkenean bi kutxen arteko elkarrizketak eta burutu beharreko bategite eredua zehazteko batzorde ezberdinak sortuak dira dagoeneko. EAEko aurrezki kutxen bategite prozesuan izandako eskarmentuak alde guztien arteko negoziaketa bideratzeko lagungarri izan beharko luke.
Esan behar da Nafarroako bi aurrezki kutxek harturiko erabakiak finantzekin baino politikarekin duela zerikusia, bi kutxetako arduradunak bategite prozesuaren aurka azaldu baitira beti. Izan ere, UPN-k kontrolatutako Nafarroako Aurrezki Kutxa eta beste autonomi erkidegoren bateko kutxen arteko bategiteaz ere hitz egiten hasi ziren. UPN eta CDN-ren arteko gobernu hitzarmenak ordea, Nafarroako bi kutxen arteko bategite prozesua arindu du, CDN-k IUAK kontrolatzen baitu.
Sindikatuak ari dira dagoeneko horrelako ezaugarriak dituen bategite batek plantiletan zer nolako eragina izan dezakeen aztertzen, bulego bikoizketa, soldata parekatzea eta soberan geratuko diren lanpostuak aintzat hartuz. Izan ere, egindako azterketaren arabera, bi kutxek batera dauzkaten 265 bulegoetatik eta 1.300 langileetatik, 50 eta 150 leudeke, hurrenez hurren, soberan. 150 lanpostu horiek aldez aurretiko erretiro bidez ezabatuko lirateke