argia.eus
INPRIMATU
KONFIDENTZIAK
Elixabete Garmendia 2021eko uztailaren 21a
Bi liburuk lapurtu dizkidate lotarako orduak azken egunotan. Bata Iñigo Lamarcaren «Gay nauzu» da, bestea Carmen Alborchen «Solas, gozos y sombras de una manera de vivir». Biak ala biak ere intimitatetik abiatu eta konfidentziaren bidea jorratzen dutenak, eta hortxe, bakardadean harrapatu eta solidaritatearen sarean sartzen zaituzten horietakoak.
Carmen Alborchek gizarte honetan geroz eta ugariagoak garen emakume single, singular edo solteen ibilbidea du hizpide. Iñigo Lamarcak berriz homosexual izateaz estrapozoka jabetu eta izaera horren harrotasuna sentitzera iristen denaren peripezia kontatzen du. Lamarcak memorien tankera hartzen du, tarteka egunkari ezkutuari eskua botaz. Alborchena berriz saiakera da, baina aztertzen duen giza taldearen barruan kokatzen denez gero egilea, ez dio ihes egiten esperientzia eta bizipen pertsonalak aitortzeari. Distantziak distantzia, azken batean tekla beretsuak jotzen dituzte batak zein besteak.

MARIKOI
eta neskazaharren kontuak izango dira oraindik ere baten batzuentzat Gipuzkoako Batzar Nagusietako letraduarenak eta Espainiako kultura ministro ohiarenak. Zirkoko izarrak balira, ez lirateke atzera geratuko geroz eta zailagoaren frogan. Hau da, bizitza publikoan nor izanik, pribatuaren tipula geruzak eranzte horretan maisu-maistra. Morboaren hari mehean zehar pausorik galdu gabe, oreka gordetzen dakiten artistak. Historia pertsonala kolektibitateari eskaintzen dakitenak, kosta ala kosta, itxurakeriak alde batera utzita, striptease finena eginez.

STRIPTEASE
inteligentea, Iñigoren kasuan, eta zilegi bekit orain neure memoriari heltzea, 76ko udan –edo 77koan?– Zeruko Argian izan genuen euskarako zuzentzaile nerabe eta herabearen oroitzapena datorkit gogora. Haren ezaugarri nagusia, burua ondo horniturik zeukala; horregatik, ez zitzaigun harritzen ESEIko intelektualek harrapatu izana halako mutiko gaztea. Alborch, gobernu sozialistako ministro zenean, interesantea gertatu arren bere irudiarengatik, aitortu behar dut aurreiritzi dexenterekin begiratzen nuela. «Solas» irakurri ondoren ohartu naiz irudi informal eta haustaile hori ez zela itxura hutsa.
Iñigo Lamarcarentzat ez zen erraza izango «Gay nauzu» liburuan jaulki dituenak kontatzea. Imajinatu besterik ez , demagun, hamairu urteko noraezaren erdian, gizen ala mehe, polit ala itsusi, nolakoa zaren ere neurtzen ez dakizunean, gainera, mutila izanik, ez neskek, mutilek erakartzen zaituztela deskubritu eta hortik aurrera datorren aldapa luze malkartsua igotzea. Hori egin eta gero lasai ederrean geratu ordez, ausardia behar da barrua jendaurrean hustutzeko.

ALBORCHEK
aiseago zeukan gauza itxuraz, emakume soltea homosexuala baino hobeto eramaten den neurrian. Baina oraindik ere, bakarrik bizi zarela, senarrik eta umerik ez duzula aitortzea, autosalaketa modukoa da, onenera jota ere, zoritxarrekoa ote zaren susmoa pizten du entzulearengan.

HOMOSEXUALAK
eta emakume solteak talde antzuak dira itxura batean. Balizko antzutasun hori ordea, giza izaera eta bizikera anitz eta aberatsagoak ari da sortzen, ohiko ereduetatik landa, norberari hobekien doakion jantziaren bila. Bidenabar, hausnarketa eta kontakizun ederrak darizkie aldaketa horien eragile direnei