argia.eus
INPRIMATU
DIRUA
IRUZURRAK GELDIARAZI NAHI DITU GIPUZKOAKO ALDUNDIAK
  • Gipuzkoako Aldundiak, salmenta hauek legez kanpoko diru ezkutuarentzako irtenbide bihur ez daitezen. Hori dela-eta, probintzia osoko pisu guztien tasazioa burutu dute agintariek.
Daniel Udalaitz 2017ko azaroaren 28a
Etxebizitzak saldu eta erosterakoan izaten diren iruzurrak ekiditeko, probintzia osoko pisuen tasazioa burutuko du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Era horretan, etxebizitzak merkatuan duen benetako balioaren arabera aplikatuko du ondare-eskualdatzearen gaineko zerga, eta ez notarioari aitortutakoaren arabera, berau txikiagoa izaten baita.
Gipuzkoako ondasun higiezin guztien balioa ezarri izana (500.000 katastro-unitate zenbatu dira) erabilgarritasun handikoa izango zaio Probintzi Altxor Publikoari merkatuko prezioari egokitzen ez zaizkion salmenta guztiak azalarazteko garaian. Era berean, eskrituretan etxebizitzaren truke benetan ordaindutakoa baino prezio txikiagoa jartzen duen pertsonaren kontra egin ahalko da.
Foru Ogasunak probintziako pisu guztien balio katastrala eguneratzeko aukera ere izango du honi esker eta, horrela, zergadunek pisu-salmenten bidez garbitu nahi duten diru beltza utziko du agerian. Eskritura, dekretuak ezartzen duen batez besteko balioari hurbiltzen ez zaionean antzemango du Foru Ogasunak pisu-salmenten bidezko diru-garbiketan oinarriturik dagoen iruzur hau.


Tasazio berriaren baldintzak.

Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako tasazio berriaren arabera, 80 milioi pezetakoa izango da Donostiako alderik garestienean dagoen 100 metro karratuko pisu baten gutxieneko balioa, 1989ko tasazioan 30 milioi pezetakoa zen bitartean. Probintziari dagokionez, Zarautz eta Hondarribia dira etxebizitzarik garestienak dituzten udalerriak.
Ondasun higiezinen baliogalera-tasa ere hartu du kontuan Aldundiaren tasazio berriak. Sistema horren arabera, 20 urteko epean bere balioaren % 30 galduko du etxebizitza batek etxebizitza berri batekin alderatuz gero, eta bere balioak behera egiten jarraituko du urteak aurrera joan ahala.
Tasazio ofizial honi esker, Gipuzkoako edozein hiritarrek jakin ahal izango du etxebizitza guztien benetako merkatu-balioa, bere etxearena izan edo erosi nahi duen batena izan.
Bizkaia eta Arabak beste irizpide batzuen arabera arautzen dituzte beren merkatuak. Bizkaiaren kasuan, merkatuko prezioak erreferentziatzat hartzen dituen sistema du Foru Ogasunak. Sistema honek ordea, bere etxebizitzari ezarritako prezioaren kontrako arrazoibideak aurkezteko aukera ematen dio zergadunari. Araban berriz, balio katastralaren hirukoitza ezartzen da automatikoki