argia.eus
INPRIMATU
HAUR FUTBOLARIAK BEGIRALEEN ATZAPARRETAN
Onintza Irureta Azkune @oirureta 2017ko azaroaren 28a
Mila milioi pezetako fitxaketen albisteak entzutera ohituta gaude. Jokalarien erosketa horiek ordea, ez dira kasualitatez egiten. Futbol taldeek teknikariak dituzte mundu osoan zehar, ekipoaren beharretara ongi datorren jokalaria ehizatzeko. Ehiza teknikak oso garatuak dituzte.
Atzerritarrek soilik ez dute osatzen ordea futbol taldea. Nola atzematen dira bertako jokalari hoberenak? Nork esango dio Realeko zuzendaritzari hamar urte barru denboraldiko gol gehienak sartuko dituen jokalaria Seguran bizi dela eta orain hamabost urte dituela?
Beste kiroletan bezala, piramide ongi egituratua dago futbolean ere, hasi herriko futbol taldeetatik eta lehen mailako taldeetara arte. Gipuzkoako kasua hartuko dugu adibidetzat. Adina baino lehen kirol bakarrera jo ez dezaten, polikiroldegia izeneko kontzeptua aplikatzen da eskoletan, hau da, denetarik egin behar dute; ez dago kirol bakarra aukeratzerik. Hala ere, esan berri dugun Gipuzkoako Foru Aldundiaren araudia errespetatuz, alebin eta infantil mailentzako (11-12 eta 13-14 urtekoak) federazio eskola batzuk sortuta daude. Gabonak arte kirol anitzetan aritzen dira, baina ondoren futbolerako gaitasuna dutelako nabarmendu diren haurrak eskola berezietara gonbidatzen dituzte. Eskola hauek Gipuzkoako Futbol Federazioak antolatzen ditu eta une honetan bost gune banatuta daude Gipuzkoan: Segura, Irun, Zumarraga, Donostia eta Zestoa. Herri bakoitzak inguruko herrietan jokalari onenak biltzen ditu eta astean behin biltzen dira. Dena dela, herriko taldeetan jokatzen jarraitzen dute haur hauek. Esan bezala, federazioak antolatu du nabarmentzen diren jokalariak hautatzeko sistema hau, baina batetik, Foru Aldundiak baimena eman dio (hitzarmena sinatuta dute) eta bestetik, Realari, izugarri ongi etorri zaio era honetako azpiegitura. Realak etxeko harrobia azken muturreraino ustiatzearren begiraleak ditu asteburuetan, batera eta bestera. Entrenatzaile hauek ordukako kontratuak izaten dituzte eta beren lana astebururo haurren eta gazteen partidak ikustea da. Interesgarria den haur bakoitzari fitxa irekitzen zaio eta Realak urtean 4.000 haur jarrai ditzake metodo honen bidez. Talde txuri-urdinari lana errazten dio federazioaren azpiegiturak. Gipuzkoa osoan milaka haurrek jokatzen dute futbolean eta multzo ikaragarri horretatik lehen aukeraketa egiten du federazioak.


REALARI ATE JOKA.

Goiz hasten da Donostia alderako peregrinazioa. Asteburuetako begiraleek begia jotako jokalariak Zubietara eramaten dituzte. Duela urte batzuk gazteek bezala haurrek ere astea igarotzen zuten Donostian, bertan ikasi eta entrenatuz. Emaitzak ez ziren oso baikorrak izan. Giro oso berezian ohitzen ziren eta ikasketetan porrot maila izugarri igotzen zen. Orduz geroztik haurrak joan-etorrian dabiltza hasieran astean behin eta adinean aurrera doazen heinean maiztasuna gehituz.
Realaren azken eskailera mailara iristeko (lehen mailara, alegia), urrats asko eman behar dira. Errendimendu handiko taldeetan hasten dira 11-12 urterekin. Lehen eskailera maila honetan taxia bidaltzen diete etxera eta entrenamendurako arropa guztia ordaintzen diete. Igo ahala hilean diru kantitate bat ere ematen zaie eta kontratua ekipo nagusian soilik iristen da. Realak ehundik gora futbol talderekin dauzka hitzarmenak sinatuak. Hitzarmen horien arabera, Realak eta baita Gipuzkoako Foru Aldundiak ere dirulaguntzak ematen dizkiete herrietako taldeei. Laguntza horren ordainetan, Realak jokalariak bere harrobi gisa erabiltzen ditu. Eramaten duen jokalari bakoitzeko herriko taldeari kantitate bat ordaintzen zaio.
Ia Gipuzkoa osoko mutikoak kontrolatzen ditu. Ia denak diogu, bai baita Athleticek eskua sartzen dueneko txokorik. Esate baterako, Donostiako Antiguoko taldeak Bilboko taldearekin du hitzarmena.
Halako haur jokalari andanaren artean nabarmentzea ez da batere lan makala, baina ziur talde handien begiradapetik harribitxi preziatu batek ere ez duela ihes egingo