argia.eus
INPRIMATU
AURTEN AREAGOTU EGINGO DA IAZKO FUSIO OLDEA
  • 1999an sukar hori areagotu egin dela esan genezake, geroz eta globalagoa eta lehiakorragoa den merkatuan konkurritu ahal izateko, enpresa handiagoak sortzen ari baitira.
Daniel Udalaitz 2017ko azaroaren 28a
Joan den 1998a historikoa izan zen mundu mailan izandako bategite, erosketa eta aliantzak direla-eta. Historiako bategiterik handienak iaz eman ziren. Gainera, 1999ko lehen egunetatik hasita, bategite gehiagori bide eman diote. Espainian Banco Santander (BS) eta Banco Central Hispanoren (BCH) bategiteaz sortutako Banco Santander Central Hispano (BSCH) da horren adibide bat. Eraikuntza sektorean ere izan da aldaketarik. Nafarroan Huarte enpresa eraikitzailearen kasua aipa liteke, zeina bere garaian Obrasconi atxiki zitzaion. Obrascon-Huartek LAINekin bat egin zuen joan den otsailaren 2an, Espainiako seigarren eraikuntza enpresarik garrantzitsuena bilakatuz.
Ez da inoiz hain epe laburrean mundu mailako merkatuaren zati handi baten patua horren jende gutxiren esku geratu. Enpresa kontzentrazioa gailur historikoak lortzen ari da, eta gehiago ere lortuko du aurrerantzean. Litekeena da 1999 honek bategite, aliantza eta erosketa marka guztiak berriz ere haustea. Hori guztia ekonomiaren eta merkatuen globalizazioak eragiten du. Tamaina handitu eta gastuak murriztearen aldeko lasterketa bizkortu egin da, iazko azken hilabeteetan nabarmendutako finantza eta burtsa krisia dela medio. Bategiteek sektore estrategiko guztietan dute eragina: banketxeak, farmazia, papera, petrolioa, telekomunikazioak, automobilgintza, metalurgia, eraikuntza, aseguruak, argitaletxeak, informatika, ostalaritza...
1998ko azaroko azken astean, makrotransakziorik kontuan hartu gabe, Wall Streeten 101 eragiketa egin ziren, guztira 45.000 milioi dolar inguruko balioa izan zutenak. 1998ko lehen zortzi hilabeteetan 1,22 bilioi dolarreko fusio eta erosketak iragarri ziren Securities Data enpresaren esanetan, 1997 osoan izandakoa baino % 30 gehiago.
Bategite olde horrek Espainiako enpresetan ere badu eraginik, batez ere banketxeetan. BBV edo Banco Santander bezalako banketxeek eta Endesa, Iberdrola eta Telefonica bezalako enpresek diru kopuru handia inbertitu dute 1998an, Europako eta, batez ere, Hegoamerikako banku eta enpresen kontrola eskuratzearren.
Nolanahi ere, batak bestearekin bat egin beharreko sukar honek ez ditu soilik banketxeak hartzen. Eraikuntza eta ostalaritza sektoreetan ere hasiak dira antzeko prozesuak. Horrela, eraikuntza sektorean Nafarroan eragin zuzena duen bategitea gertatu da, Obrascon-Huarte eta LAINen artekoa. Ostalaritza sektorean, Tryp eta NH hotel-kateen bategitea negoziatzen ari dira momentu honetan. Emaitza Espainia osoko bigarren ostalaritza katerik garrantzitsuena litzateke.
Bategite eta erosketa olde honek 80ko hamarkadan du bere jatorria. Hala ere, adituek diote orduko eta gaurko prozesuen artean desberdintasun nabarmena dagoela. Hauen ustetan, kasu haietan etsaitasunezko espekulazio irizpideak ziren nagusi, eta gaurko bategiteetan enpresa eta adiskidantza irizpideek dute garrantzia