argia.eus
INPRIMATU
TELEKOMUNIKAZIO ENPRESEN PARKEA ZAMUDION
  • Egun 84 enpresa daude bertan, iaz 58.000 milioi pezeta fakturatu zituztenak.
2017ko azaroaren 28a
Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan, punta-puntako teknologia garatu eta kalitate handiko zerbitzuak eskainiko dituzten enpresen erakartzearen aldeko apustu handia egin da. Hiru probintziek gero eta handiagoak diren eta ekonomikoki garrantzi gehiago duten Teknologi Elkartegi bana dute. Hirurek helburu jakin batzuk dituzte: industria eta teknologiaren arteko kooperazioa bultzatu, industria unibertsitateko ikerkuntzarekin lotu eta inobazioaren kultura eta teknologia hedatu.
Zamudioko Teknologi Elkartegia beste bien aitzindaria izan da. Lehenengo enpresa duela hamar urte kokatu zenetik, Zamudio, Euskal Herrian ezezik, Espainiako enpresa gune garrantzitsu bilakatu da.
Egun Elkartegiak goi teknologi eta berriztapen asmo argia duten 84 enpresa ditu. 2.800 lagunek lan egiten dute eta ekonomikoki duen indarra adierazteko ondoko datua eskaintzen dute arduradunek: 1998an bertoko enpresek, guztira, 58.000 milioi pezeta fakturatu zituzten.


Informazioaren teknologiaK, eta informatika

Informazioaren teknologia sektore inportanteenetarikoa da Zamudioko Teknologi Elkartegian. Espainia osoan telekomunikazio enpresen kontzentraziorik handiena du eta beraz, alor hau inbertsio gaitasun handia duen atala da. Hamalau enpresa telekomunikazioen munduaren inguruan aritzen dira eta berauetan 650 langile daude. Ericsson, Airtel eta Euskaltel enpresak, kasu, Zamudion daude.
Ingeniaritzak eta informatikak ere toki garrantzitsua dute Teknologi Elkartegian. Parkean dago, adibidez, Software Institutu Europarra. Teknologi Elkartegiaren arduradunen hitzetan, informatikako Institutu garrantzitsu honek Zamudion kokatzea erabaki zuen Euskal Herriak industriari dagokionez duen ohitura luzeagatik eta dituen azpiegitura tekniko eta komunikazioengatik.
Bestalde, I+G izeneko zentroak aipatzea ezinbestekoa da. Honi dagokionez, ikerkuntzaren inguruan aritzen diren bost zentro teknologiko daude. Hauen eta unibertsitatearen arteko hurbiltasunak, teknologi transferentzia prozesuak bultzatzen ditu. Beraz, Zamudioko Teknologi Elkarteak komunikazio azpiegitura gisa egiten du lan, formakuntza zentro, ikerkuntza zentro eta enpresen arteko harremana erraztuz, ahalmen teknologikoak ahalik eta hobekien baliatzeko.
Zamudioko parkean elektronika, ingurugiroa eta aeronautikarekin zerikusia duten ekintzak burutzen dira. Aeronautikari dagokionez, Industria de Turbo Propulsores enpresa erraldoiak du egoitza Zamudion. 1999rako enpresa honek 25.000 milioi pezeta baino gehiagoko fakturazioa aurreikusita dauka.


750.000 metro karratu gehiago

Zamudioko Teknologi Elkartegian dauden eraikinek 45.000 metro karratuko gainazalera betetzen dute. Iaz, alokatzen diren eraikin hauen % 95 beterik zegoen. Hauek lehendabiziko faseari dagozkion datuak dira baina Elkartegia handitzeko bigarren fasea martxan dago. Parkea handitzekotan denez, 323.000 metro karratu industria-partzela gehiago eskaini dira, erabat urbanizaturik daudenak eta zuntz optikoa bezalako telekomunikazio sareak dituztenak. Guztira, Elkartegiak 750.000 metro karratu gehiago izango ditu.
Euskal Herrian ditugun hiru parke teknologikoek guztira, 195.000 milioi pezetako fakturazioa dute urtero. Egun 132 enpresa daude eta 5.000 langile inguru. Hala ere, urte honen bukaerarako 150 enpresa izatea eta langileen kopurua 6.000ra igotzea espero dute teknologi parkeen arduradunek.
Euskal Herrian, Teknologi Parkeen Sareak urtetik urtera gero eta garrantzi gehiago du. Hori dela kausa, 2001. urtean Bilbon, Teknologi eta Zientzia Parkeen Mundu mailako Kongresua burutuko da