argia.eus
INPRIMATU
"JENDEAK ORAIN EZ DU BILBO ZIKIN ETA ZAHARTZAT HARTZEN"
  • Guggenheim inauguratu zenetik batik bat, Bilbo Ekimen Turistikoak erakundeko zuzendari Elvira Etxebarriak dioenez, Bizkaiko hiriburua orain mundu osoak ezagutzen du.
2007ko otsailaren 21a
Guggenheim efektuari esker, noraino heldu da Bilboren oihartzuna?
Izugarria da. Mundu osoan ezagutzen gaituzte. Duela urte batzuk, nazioarte mailako kongresuetara joaten ginenean jendeak Bilbo non zegoen ere galdetzen zigun. Egun aldiz, lurralde nordikoetan, ekialdeko herrietan, Ameriketan... lurralde guztietan Bilbori buruzko erreportajeak egiten dituzte. Bertokoek imajinatu ere ez dute egiten noraino ari den zabaltzen Bilboren izena.

Bisitarien kopurua zenbat igo da?
Hori jakitea ezinezkoa da, asko ez direlako gure bulegoetatik pasatzen. Baina, esaterako, iaz 310.000 kontsulta jaso genituen, gehienak Bilboko bulegoan. Bulego nagusi honetan kontsulten kopurua 1997 urtearekiko % 89 igo zen.

Nolakoa da Bilbora hurbiltzen den bisitaria eta nondik dator?
Gure turista klase ertaineko edo ertain-altuko pertsona da, adin ertainekoa eta maila ekonomiko ertain-altuarekin. Gure turismoa hezita dago, errespetuzkoa da eta gainera, diru asko gastatzen du. Jatorriari dagokionez, Bartzelona, Madril eta Valentzia edo Gaztela-Mantxatik datoz batez ere bisitariak. Atzerriari dagokionez, Erresuma Batua, Frantzia eta Estatu Batuko jendea dator. Azken lurralde honetan esaterako, Bilbo modan dago.

Zer da turistek gehien atsegin dutena?
Guggenheim Museoaz gain, jendeak oso gustukoa du Bilboko alde zaharra, gure gastronomia, noski, giroa eta jendea. Turistek bilbotarren izaera atsegin dute, oso ongi portatzen garelako eurekin eta izaera zabala omen dugulako. Esaten digute Bilbok egiazkotasun kutsua duela.

Alabaina, Bilbo ez da beti hiri turistikoa izan...
Ez, inondik inora. Bilbok, industria-hiria izan den heinean, bisitari asko izan du betidanik, lan-turismoa jasan du. Jendeak Bilboz zuen irudia, hiri zikina, grisa eta gatazkatsuarena zen. Terrorismoaren arazoak kalte handia egin digu. Duela bost urtetik hona hiriak zuen kontzeptu hori aldatuz doa, egiten ari diren proiektu garrantzitsuak direla, etxeen eta kaleen garbiketak direla, berriztapen lanak direla... Hurbiltzen den jendeak orain ongi hitz egiten du Bilbori buruz.

Bilbo nola erantzuten ari da turisten etorrera masibo honen aurrean?
Ongi erantzun du. Jendeak, zetorren aukera ezin hobea ikusirik, tabernak, jatetxeak eta abar zabaldu ditu. Hotelek orain, lana dute urte osoan eta arazoak ere izan ditugu askotan ohe librerik ez delako egon. Gainera, Euskalduna Jauregi berriarekin, ez dut pentsatu ere egin nahi. 1.000 pertsonako kongresuak ospatuko baldin badira, atera kontuak!

Turistei eskaintzen zaien zerbitzua ona al da?
Egia esateko, eskaintzen zaiena kalitatezkoa da baina gure zerbitzua ez hainbeste, heldutasuna falta zaigu. Gure eskaintza bisitariaren eskaerari egokitu behar diogu, hau da, eurek gauzak egiteko dituzten moduetara egokitu behar gara. Beste lurraldetatik datoz eta gauzak beste eratan egiten dituzte; ordutegiak esaterako, ezberdinak dira. Asteburuetan hiria ezin da itxita egon. Turistak asteburuetan datoz eta dendak itxita aurkitzen dituzte. Kontzientziazio kanpainak martxan jarri nahi ditugu asteburuetan, merkataritza zerbitzu minimoak egon daitezen. Bilbon gertatzen ari dena ez da desagertuko, azkar hazten ari den industria da eta ongi baino hobeto zaindu behar dugu