ARGIArako noizpehinka idazten ditudan artikulutxo hauekin arazo larria daukat:
hitzflazioa. Nagorek gogorazten dit aldian behin: «
Piter, berriro zure artikuluaren txanda da». Eta nik beti berdintsu galdetzen diot: «
Zenbateko neurria behar du?». «
3000 karakter inguru» (
Karakter zeinu edo hutsune bakoitzari esaten diote). Baina ez dut inoiz asmatzen. Denetan artikulu luzeak ateratzen zaizkit. ARGIAko lagunen borondate onak barkatzen dit eta batzuetan laburtu egiten dituzte, besteetan oso letra txikiz argitara ematen, edo bi ataletan, bi astetan azaltzen,... Amorrazioa ematen dit, ordea. Beti izan naizelako hitzflazioaren kontrakoa.
HITZFLAZIOA da, jakingo duzuenez, akats estilistiko nabarmen eta itsusia. Orean legamia gehiegi jartzearen parekoa. Bi maila izaten ditu. Arinena: bi esalditan ondo esan daitekeena, zazpitan ez guztiz zehatz esatea. Larriena: hamaika esaldi luze erabiliz ezer interesgarririk ez komunikatzea.
Hizkuntza eta Literatura irakasle nenbilenean, ikasleak etortzen zitzaizkidan: «
Baina nola da posible? Lau orrialde idatzi dizkizut eta zuk `nahikoa' besterik ez kalifikatu?» Erantzun berbera izaten nuen beti: «
Eskerrak ez duzun gehiago idatzi» . Antzekoa gertatu izan zait ekitaldi askoren antolakuntzan suertatu naizenean eta hizlarien partehartzeak gobernatu behar nituenean: «
Hogei segunduz txukun hitz egiteko, gutxienez hogei minutuz pentsatu behar. Hogei minutuz trakets aritzeko, aldiz, nahikoa da hogei segunduz pentsatzea».
Horixe izaten dut axioma horrelakoetan. Eta nik eratutako ekitaldietan parte hartu dutenek badakite zein punturaino izan naitekeen gogaikarri eta plasta ohar horiek gogorazten. Gehienek, kontseilua hainbestetan errepikatu ondoren, eginkizuna ondo bete duten arren, batzuk nonbait bestela pentsatu izan dute beren kolkorako: «
Hogei segunduko hizketa egiteko ez du ahalegin handirik merezi. Momentuan asmatuko dut». Eta unea iritsi denean, ez dute ezer mamitsurik esaten asmatu, edo, okerrago, grazirik gabeko txanpa luzea hartu eta egundoko kalakaldiak bota dituzte. Unerik dramatikoena honela etortzen ohi da: behin eta berriz amaitzekotan daudela aipatu, baina errematea jartzen asmatu ez. Hizlaria eta entzuleak, denak aztoratuta geratzen dira.
GAUR eguneko komunikabideen giroan, hitzflazioa eguneroko bidelaguna dugu. Zergatik? Batzuentzat, hainbeste garenez, hainbeste katramiletan sartuta, inguruan hainbesteko zarata dagoenez,
erredundantzia handia behar da mezua jendearengana irits dadin. Besteentzat, baina, bestelako arrazoiak hartu behar dira kontuan hain hitzflazio handia ulertzeko. Esaterako, komunikabideen eguneroko lanean hainbeste orri edo denbora betebeharrak justifikatzen duela hitz mordo zozoa. Maltzurrenek diote, bide batez, jendea olga dadin ere baliagarria dela, droga leun baten antzekoa dela. Ke estaltzailearen gisan, benetako arazoak modu zuzenean behar den tokian hitz egiten diren bitartean, masak konformatzeko era egokia dela.
Arrazoi guzti horiek izan daitezke. Baina horiek bakarrik ez. Komunikazioaren zientzilariek aspalditxo aurkikunde hauxe egin zutelako: mezuaren azala eta mamia elkarrekin lotuta daude guztiz. Ez da batzuk xinple-xinple pentsa lezaketenez: apur bat luzeago baina mezu berbera adierazi du. Ez. Nola adierazten kontua, horixe komunikatzen. Hitzak puzten direnean, mezuak ere bai. Baina zerez? Puxikak haizez bezala, bestelako gasez ere bete daitezke. Batzuk sugarriak.
BERRIRO ere hitzflazioan erori naiz. Nik baino askozaz ederrago eta egokiago idatzi du Juan Kruz Igerabidek «Herrenaren arrastoan» liburuan: «
Pentsatzen den guztia esateak ez du uzten esaten den guztia pentsatzen». Ikasiko al dut noizbait!