argia.eus
INPRIMATU
GUGGENHEIM EFEKTUA AIREAN
2017ko azaroaren 28a
Sondikan dagoen Bilboko aireportua eraberritu barik egon da 1982tik. Txikia geratu zelakoan, duela hiru urte aireportu zerbitzu berriak izango zituen proiektua martxan jarri zuten. Aipatu proiektuak Terminal Zentroa eta 41 metroko Kontrol dorre berriak ezezik, hegazkinen aparkaleku eta hegaldietarako pista handitzea aurreikusten zuen.
Honen guztiaren helburuak ondokoak dira: egun dauden hegaldi-lineak sendotu, hegaldi berriak eskaini eta aireportutik ateratzerik ez zuten hegazkin handientzako pista egokitu.
Azken xede honi dagokionez, Bilboko Aireportuko zuzendari Segismundo Lopezek azaltzen duenez, hegaldi transozeanikoak egiten dituzten hegazkinak Sondikan lurreratu daitezke baina ez aireratu. Pistaren luzerak hegazkinaren pisua baldintzatzen du eta beraz bidaia oso luzeak egiten dituzten abioiek erregai asko behar dute eta aire hartu ahal izateko oso pista luzea. Pistari 500 metro gehituta arazo hau konponduko da.
Aireportuko lanak 2000ko lehen hiruhilekoan bukatuko dituzte. 34.000 milioi pezetako inbertsioa egin da eta kostu osoa AENAk, Espainiako aireportuak biltzen dituen erakundeak, bere gain hartu du. Iaz 5.000 milioi pezetako etekinak izan zituen erakunde honek.
Arduradunek Terminal Zentro berriari itxura erakargarria eta bitxia eman nahi izan diote. Hormigoi zuriz eginiko eraikina da eta argitasun handia dauka. Goitik ikusita, uso baten eskeletoaren egitura antzeman daiteke. Santiago Calatravak diseinatu du AENAko arkitektoen gomendioekin. Terminal Zentro berriak irteten eta sartzen diren bidaiariak ez nahastea du helburu.
Bilboko Aireportuko zuzendariak ezinbestekotzat jotzen zuen Terminalak itxura hori izatea, izan ere, erbestetik datorren jendearentzat aireportua da lehendabiziko sarrera. Guggenheim ikustera datorren bisitariarentzat, lehendabiziko sarrera ez da museoaren beraren sarrera, aireportuarena baizik.
Barnealdea hiru solairuk osatzen dute: goikoa irteerei dagokiena da, hegazkina noiz atera zain dauden bidaiarientzat egokitua. Solairu honek 36 fakturazio mostradore, kafetegia eta jantokia ditu eta baita gune komertzial bat ere. Behekoa, sarrera solairua izango da eta honek ekipajea garraiatzeko zortzi zinta izango ditu.


3.000.000 bidaiariko kopurua helburu

Azken sei urteotan Bilboko aireportuko trafikoa % 11 hazi da batez beste urtero. Egun, 2.000.000 bidaiari ditu urtero eta duela sei berriz, 1.000.000. Zuzendariak argi dauka hemendik hiru urtera bidaiarien kopurua hiru milioikoa izango dela eskaintza hobea izango delako eta helburu ezberdinak eskaintzen dituzten konpainia berriak sortzen ari direlako. Dagoeneko Ameriketako zenbait konpainia harremanetan jarri dira aireportuko arduradunekin New York-Bilbo linea berriak ezartzeko. Dudarik gabe, hau Guggenheim efektuaren ondorioa da. Hala ere, pista handitu arte, ezin dute zerbitzu hau eskaini, baina prest dagoenean museoa bisitatzeko zenbait hegaldi jarriko dute astean zehar.
Bilboko aireportuan hegaldien eskaintza hobea izango delakoan, zuzendariak inguruko komunitateetako, Errioxa eta Kantabriako bidaiariak Sondikara hurbilduko direla uste du, nazioarteko hegaldiak bertatik ateratzen direlako eta gainera Bartzelona eta Madrilera bidaiatzeko hegaldi-frekuentziak altuagoak direlako. Bilboko Aireportuak beraz, 4.000.000 biztanle ingururen aire trafikoa bilduko du. Santander edo Gasteizkoak oso trafiko puntuala izango duten aireportuak izango dira