argia.eus
INPRIMATU
ARAZTEGIAK: ITSASADARRA GARBITZEKO APUSTUA
  • buruan. Baina bilbotarren eta bizkaitar askoren oinpean ikusten ez den lan galanta burutzen ari da: 170 Km-ko kolektore-sarea eraikitzen ari dira ur zikinak araztegietara garraiatzeko.
2017ko azaroaren 28a
Ezin gaitezke Bilbo metropolitarraz mintzatu harik eta ibaietako, hondartzetako eta batik bat Ibaizabal itsasadarreko urak garbi egon arte. Duela zenbait urte arte, Bilboko eskualdeko etxeetako eta industrietako 450 milioi litro ur zikin isurtzen ziren Ibaizabalera, egunero.
1979ko ekainaren 29an, Ibaizabalek ur-bizitza berreskuratu behar zuelakoan Bilbo Bizkaia Ur-Partzuergoak Bilboko eskualdeko uren Saneamendurako Osoko Plana onartu zuen. Lanak bost urte beranduago hasi ziren eta orain arte 170 kilometrotik gorako kolektore eta interzeptoreen sarea eraikitzen ari dira kondar-urak batzeko eta ponpaketa guneak ezarri dituzte uren norabidea zuzentzeko. Egun, ur zikin gehienak itsasadarrera isuri beharrean araztegietara doaz. 1988an Muskiz eta Abando-Zierbenako urak batzen dituen Muskizeko araztegia martxan jarri zen.


Milio bat biztanleren urak

Araztegirik garrantzitsuena ordea, Galindokoa (Sestao) da, Saneamendu planaren lanik esanguratsuena, Bilboko eskualdeko ur guztiak garbituko baititu.
Gaur egun, Galindoko araztegira 700.000 biztanleren kondar-urak heltzen dira, Santurtzitik Deustu bitartekoak. Egun, Deustutik Boluetaraino kolektore eta interzeptoreak ezartzen ari dira eta negurako tarte horretan bizi diren biztanle guztien ur zikinak ere Galindon garbituko dira. Hurrengo urratsa Basauriraino kanalizazio lanak egitea da, eta ondorengoa Arrigorriagarainokoak.
Lan hauek bi urte barrurako bukatu nahi dituzte.
Guztira, Galindoko araztegian 1.000.000 bat biztanleren kondar-urak garbituko dira.
Alabaina, Sestaon dagoen araztegiak egun, ez die ur zikinei kutsadura guztia kentzen (% 50 inguru), lehen fasea, hots, tratamendu fisiko-kimikoa baino ez da egiten.


Urari kutsaduraren % 95 kenduko zaio

Urari, askoz ere garbiago itsasoratzeko, tratamendu biologikoa eman behar zaio: lehen fasea igaro ondoren, ikusten ez den zaborra kentzeko bakterio batzuk botatzen dira uretara gorotza jan eta amoniakoa ken ditzaten. Fase honi esker urari kutsaduraren % 95 kentzen zaio. Galindon dagoeneko martxan dira bigarren faseko lanak eta espero da datorren urtearen hasieran bukatzea. Fase honek 7.500 milioi pezetatako aurrekontua du eta beronen eraikuntza eta finantzaketa Herrilan eta Garraio Ministerioak hartu du bere gain.
Gaur egun Galindoko araztegian egunero 175.000 litro tratatzen dira. Horietatik 100 tona gorotz ateratzen da. Gorotz hori erre eta argindarra bihurtzen dute eta honen bidez araztegiko ponpak martxan dituzte. Bigarren faseko lanak bukatzen dituztenean 300 tona gorotz aterako dute, izan ere, bigarren fase honetan trataera biologikoa ezarri ezezik, araztegia handitzen ari dira. Espainiako azpiegitura hidraulikoetan Galindoko araztegia lanik garrantzitsuenetarikoa da eta Euskal Herrian ez dago halakorik.
Bilboko eskualdeko uren Saneamendu Osoko Planak, halaber, beste zenbait lan aurreikusten du, esaterako, hamar urte barru Lamiakon (Leioan) egingo duten araztegia. Honek inguruko herrietako urak, (Leioa, Berango, Urduliz, Getxo...) garbituko ditu. Egun, ur horiek Lamiakoko ponpa batek Galindora bidaltzen ditu.
Saneamendu Osoko Planak ehun mila milioiko kostua du eta heldu den mende berriaren hasierako urtetan bukatuta egongo da