argia.eus
INPRIMATU
AMETS BIZIEN FAKTORIA
2021eko uztailaren 19a
Kutsu klasikoa du filmak; Disneyren moduko abiapuntua, gaiztoen eta onen arteko lehia, alegia. Groomo zientzialari zitalak helburu makurra dauka: tramankulu batez giroa kutsatu jendearen nahia ametsen bidez gobernatzeko. Nina neskatila panpoxa eta bere lagunak Groomoren amarrua geldiarazten ahaleginduko dira. Alde horretatik, ezer berririk ez. Erabili duten animazioa aldiz, ez da batere arrunta, goitik behera ordenadorez egina baita, 3Dn, gainera.


ESTREINATZEKO IRRIKIZ.

Luzatzen ari zaie estreinaldi eguna; martxa honetan uda aldera estreinatu beharko dute, soinua, musika eta bikoizketa egiteak prozesua luzarazi baitu. Alabaina, hainbat zinemalditara igorri dute filma, harrera ona jasoz.

«Ikusi duten adituen esanetan kalitatezko lana da, mugimendu irudipen berezia daukana»
argitzen digu Angel Alonso zuzendariak. Halaber, zenbait banaketa etxe indartsu dute noiz estreinatuko zain, Buenavista eta Polygram, hain zuzen ere. Baina merkatu Iparramerikarra arras zaila da, are gehiago filmeko gaiztoak puroak erretzen dituela kontuan hartuta. Disneyren filmeetan gaiztoek erretzen dute, ba!
Eusko Jaurlaritzak eta produktora batek emandako dirulaguntzatik, orora 130 milioi pezeta inguruko aurrekontua ukan dute. Filma amaitu arte ordea, ez dute dirurik berreskuratu.


BI LAGUNEN EKIMENA.

Ricardo Ramon ekoizlea diseinu grafikotik dator eta Angel Alonso zuzendaria berriz, komikitik. Ordenadore bidezko animazioan murgildu aurretik, bide klasikoa jarraitu dute. Lehenengoak izan dira Euskal Herrian animazio zerbitzuak atzerriko enpresentzat egiten, Ingalaterra, Frantzia, Italia edo Estatu Batuetan, kasu. Telebistarako 50 saio eta 8 filmetan esku hartu dute, marrazki bizidun tradizionalekoak denak. Angelek dioskunez

«Juanba Berasategirekin hasi ginen `Ipar haizearen erronkan' filmaren bi zatitan; baita seriean ere. Gero, gure kasa joatea erabaki genuen, bide berriak urratzeko».
Esan eta izan; Dibulitoon estudioaren barruan bi azpisail baitaude egun, eskuz egindako marrazkiak lantzen dituen saila batetik, (jende gehien daukan saila da hau) eta bestetik informatika saila. Egun hamabi lagun inguru aritzen da bertan lanean, bere kabuz ikasitako jende mordoska, Donostia, Bilbo, Gasteiz eta Iruñekoa.


SORMENA LEHENBIZI.

«Lapurren ametsa» osorik ordenadorez egina izan arren, abiapuntua eskuz egindako marrazkia izan da. Hain juxtu, Ricardo eta Angelek hasieratik garbi eduki dute ez zituztela informatikariak nahi, animatzaile trebatuak baizik. Teknika eta giza elementuek bat egin arte, ez zioten hiru urte iraun duen erronkari heldu nahi. Marrazki tradizionalean kolore lauak eta marra erabiltzen diren bitartean, 3Dn, plastilina edo gomazko tankera hartzen dute. Bisualki aldea oso nabaria den arren, animazio prozesua eskuz egiten dute,

«mugimendua aktore bati jarritako sensore batzuen bidez lortzen dugu, gero zuzenean ordenadorera pasatzeko».
3Dn orain arte ez zen aukerarik oihal edo ileen mugimendua kateatzeko, orain berriz bai,

«horretatik zertxobait sartu dugu baina ez sobera, garestia baita oso»
. Beste teknika ikusgarriak erabili dituzte, hala Metaballs delakoak molde organikoak egiteko nola buztinez egindako aurpegiak eskaneatuta.


ANIMATZAILEEN TABUA.

Animatzaileen artean ahopean bezala erabiltzen da infografia hitza, zerbait madarikatua bailitzan; Alonso ez dator bat,

«guretzat ordenadorea tresna bat baino ez da. Gauzak errazteaz gain, normalki egin ez ditzakezun efektuak sortzen ditu ordenadoreak. Esaterako, panpin batek hegan egitea, materialak ez diren gauzak itxuraldatzea
». Bestalde, 3Dko betiko moldetik atera nahi izan dute. Angelek dioskunez

«guri ez zaizkigu robotak eta espaziontziak gustatzen. Emaitza mamitsuagoa lortu nahi dugu, berezko estiloa duena. Infografiako hainbat lanetan errealismo handiko marrazkiak egiten dituzte, benetako gizakiak bailiran, Ba, hori ez da gure erreferentzia»
. Zentzu horretan, Tim Burtonen «Eguberri aurreko amesgaiztoa» da haien eredua. Nahiz eta ordenadore efektu franko sartu, gomazko panpintxoekin filmatua da Stop Motion erabiliz, hau da, fotogramaz fotograma. «James eta muxika erraldoia» hurrengo filman askoz gehiago erabili zuten. «

Azken batean, panpinak berez ez dira malguak, barrutik egitura mekanikoak baitituzte. Ordenadore bidez ostera, zanpatu eta nahi adina estutu ditzakezu
» gehitzen du Alonsok.


BERRITU ALA HIL.

Ziztu bizian aldatzen dira programak; kea, sua, ileak, oihalak sartzeko kalkulu handiak behar ditu egin ordenadoreak. Berriena atera ahala, erosi egiten dute Dibulitoonekoek. Render delakoa hobea omen da nonbait, itxura eta ñabardurak ematen baititu. Horren haritik, arrisku bizia dago teknologiak sormena baldintzatzeko.

«Teknologiak jan ez gaitzan, besteengandik bereizi beharra dago; ordenadorez egindako marrazki film gehienak teknikari informatikoek sortu eta gauzatzen baitituzte. Halako hoztasuna darie, alderdi artisitikoa ez dutelako».

DISNEYREN SEKRETUA.

Arestian Tim Burton goraipatu ondoren, «besteez» mintzo zaigu Alonso:

«John Lasiteren `Toy Story'ko animazioa biziki ona zen baina ez zitzaidan gustatu. `Zomorroak' hobea da»
.
Dreamworksen «Egiptoko printzea» filmaz ere halako bi errebelazio egiten dizkigu: batetik, Oskar Urretabizkaia animaziogile errenteriarra Spielbergen konfidantzazko lau gizonen artean dagoela. Bestetik ordenadorez egindako marrazkiak zirela filmeko gehienak, eskuz egindakoak ziruditen arren.

«Zaila da benetan aldea igartzea, baina ikusten zen jendetza guztia ordenadorez egina zen. Hori bederen oso ongi egin dute».
Hala eta guztiz ere, Spielbergen konpainiak jai omen dauka, Disneyk publizitatean produkzioan bezainbat xahutzen baitu sosa.

«Beste hainbeste gertatuko zaio `Anastasia' filma egin zuen Don Bluth animatzaileari; ez du ez indarra ez adimena eduki Disneyri aurre egiteko. Orain Disneyren `Tarzan' dator, promozioan halako dirutza gastatzean, horrek ikusmin izugarria pizten du. Gero, noski, estreinatzen delarik, ez dago itzalik egingo dionik».

FILM BERRIA PRESTATZEN.

Irudi errealeko filmetan ez bezala, Dibulitoonen ez dute marrazkia gidoira egokitzen. Ideia orokorra egin eta ardatzak taxuturik, gidoilari bati ematen diote istorioa harilkatu dezan.

«Irudi errealean extrak sartzen ahal dituzu, animazioan berriz, dena mugitu egin behar denez, oso zehatza behar duzu izan planoak kateatzeko».
Proiektu berria ere bideratua dute. Aurrekoizpena jadanik prest dagoela, udapartean ekinen diote animazio lanari. Urtebete edo beharko dute burutzeko. Baikor azaltzen zaigu Angel,

«bigarren honetan emaitza askoz hobea izango da, eskarmentu handiagoa dugulako»
. Tolkien-en «Eraztunen jauna» moduko filma izango da, sorginkeria, aztiak, ingumak, elfoak, ezpatak eta borroka lazgarriak irudikatuko dituena