EUDELek eta Euskaltzaindiak toki-izenak normalizatzeko egin hitzarmena nola gauzatuko da?
Euskaltzaindiak, auzo eta kaleen izen egokiak eskatuz, udaletxeetatik egindako kontsulta asko erantzun behar izaten ditu egunero. Momentu honetan jada ezin diogu olatu horri aurre egin. Orduan pentsatu genuen EUDELi erantzunak ematea eta irizpide berberekin biztanle-entitateen, auzoen eta kaleen izendegia konpontzea. Iruñekoa eta Gasteizkoa eginda dauzkagu, Donostiakoa bukatzear dago eta Bilbokoa egiten ari gara, baita herri ertain eta txikietakoa ere.
Beharrezkoa zen egitea. Ikusi genuen Eustatek (Eusko Jaurlaritza), udalek eta diputazioek toki-izen edo toponimo berbera hiru eratara zerabiltela. Ezinezkoa da bakoitzak era desberdin bat erabiltzea. Besterik uste bada ere, Gipuzkoan eta Bizkaia euskaldunean (Enkartazioak salbu) arazo asko daude, kontrakzioak era desberdinetan egiten direlako, fonetismo kontuak daudelako, frikari eta afrikarien kontuak, hots, ts, tz eta tx nahas-mahas erabiltzen direlako... Beraz, izenak homologatu egin behar dira. Guk egingo duguna da EAEko 1.368 biztanle-entitateen izenak bildu. Horien artean Trebiñok dituen herriska eta auzoak sartzeko asmoa ere badaukagu, hauen % 80 gutxi gorabehera euskaldunak baitira. Urtebeteko lana izango da eta hiru laguneko lan taldeak egingo du. EAEko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak ere parte hartuko du. Aste honetan lan prozedura finkatu eta martxan jarriko dugu. Gure asmoa litzateke heldu den urtean argitaratzea hau guztia, bai liburuan bai CD-ROMean. Eta ez dadila soilik udaletxe eta diputazioetarako erabilgarri izan, baita komunikabideetarako ere.