argia.eus
INPRIMATU
SIOUXEN ARIMA KANTAN
2021eko uztailaren 19a
Arimaren ispilu omen da musika. Baita hauspoa ere. Are gehiago herri xeheentzat, nortasuna eta bizimoldearen adierazgarri baitira. Horren haritik, musika eta hitza uztartzea du xede «Herrien ispilu» Joseba Etxarriren emankizunak. Bere aurreko saioaren bidez Ameriketako euskaldunak gugana limurki hurbilarazi ondoren, orain, mundu osoan barrena egiten den musika ezezagunarekin harrituko gaitu Etxarrik. Ordubeteko saioa hamaika herri xumeren doinu, aire eta moldeen inguruan arituz; besteak beste honako musika entzuteko parada izanen dugu: Maputxeen doinuak, Rapa Nui Bazkoko irlako kantu moldeak; edo Estatu Batuetako hispanoen egoera salatuz egiten den musika mota. Ameriketako euskaldunen doinuak ere ez dira faltako, hots, Kaliforniako Txinoko «Euskal giroa» taldekoak eta primizia modura, Kaliforniako hiru neskek osatzen duten taldea, euskaraz goitik behera aritzen dena, «Noka» izenekoa. Halaber, Quebec-en egiten den musika gure artera ekarriko du, baita bertako indio natiboen hizkuntzetan ere. Azken batean, musika bera baino harantzago joan nahi luke saioak.

«Esaterako, Sioux edo Navajo indioen kantak ez dira inondik inora komertzialak. Maiz, beren doinuak monotonoak egiten zaizkigu esanahia eta zergatia ez dakigulako. Ba, hori ere azaldu egiten dut. Aldi berean etiketa berarekin indioen musika izeneko hibridoak agertzen dira gure gustuetara berariaz moldatuak
» argitzen digu Josebak.
Urtetako bidaia miresgarrien ondorioz, pixkanaka kanta bilduma ederra osatu du donostiarrak:

«Bidaiazale porrokatua naiz, baina argazkiak baino gehiago musika ekartzen dut oroigarri gisa, eta lagunen bat norabaitera joanez gero, bertako musika ekar diezadala eskatzen diot
». Momentuz hamabi irratsaio entzungo baditugu ere, litekeena da gehiago egitea. Zita: apirilaren hasieratik 10eraino, gaueko 8etatik 9ak arte