argia.eus
INPRIMATU
LURRALDETASUNA ETA DESPISTEA
Emilio Lopez Adan 'beltza' 2021eko uztailaren 20a
Zazpiak bat famatuak edukina badu, hauxe dateke: edozein herrialdetan gertatzen dena euskaldun guztion ardura dela. Azken urteotan, eta hizkuntzarako behintzat, badirudi enteratzen ari garela. Euskal Herri osoa zeharkatzen ari den Korrika bezala, elkarte eta erakunde nahikotxoa dabiltza mugaz bi aldeetan: Idazleen Elkartea, Euskaltzaindia, AEK, Euskal Herrian Euskaraz, Eusko Ikaskuntza, Kontseilua... Oso ondo. Baina, batzuetan, mugari tiro egiteko gogoak ondorio aldrebesak ditu. Harreman instituzionalak direla eta, Iparraldearekin elkar lanean aritzeko gogoak edozein leku egokitzat jotzen du eta, finean, edozer onartuz behar dena ahazten eta baztertzen da. Horren argitzeko, artikulu bat idatzi dut Hegoaldekoei begira; Iparraldeko alderdi eta elkarte euskaltzaleak ezagunak badira ere, hemengo joko politikoa ez da oso gardena bestaldekoentzat, eta jarrera desegokien ondorioek ez dute onik egiten.

GAI
batean zentratuko naiz: Garapen Kontseiluko Hautetsien azken asmoa, hau da Hizkuntz Kontseilu baten sortzea Euskal Kultur Erakundearen barnean. Eta asmoaren helburu bat azpimarratuko dizuet: Hizkuntz Kontseilu horri eman nahi dioten eginkizunik bat, alegia Erkidego Autonomo eta Nafarroako erakunde eta instituzioekin elkarlana bideratzea.
Larri larri ikusita, badirudi hizkuntzaren bizitzarako aurrera pausoa dela, Iparraldean zerbait ofizial izango baita Hegoaldearekin harremanak bideratzeko. Baina... Lehengoz berak mogitu ziren beren kargukideak ikusteko, hau da eskualde, departamendu, erkidego edo erreinu zaharra gobernatzen duten hein bereko kargudunen artean negoziatzeko. Autobideak garrantzitsuak badira, euskara batere ez. Gure hizkuntzarako, ez dira hemengo nagusiak oso urrun joango: botererik gabeko egitura batean, azpi-egitura bat sortuko dute. Joko berezia, zinez.
Akitaniako eskualdeak badu lehendakari-orde bat, Ricarrère jauna, hizkuntza eta kultura erregionalen kargua duena; Pirinio Atlantikoetako departamenduak misio arduradun bat izendatuko du, funtzionari bat, Departamenduko hizkuntzetaz arduratzeko. Baina, oro har, ez Eskualdeak ez eta Departamenduak ere ez daukate euskararako inongo egitura ofizialik, inongo hizkuntz politikarik, eta, beldur naiz, bost axola zaie. Gehiago dena, hemengo boterearen partaide direnak bazterrean utzirik, Hegoaldeko Gobernu eta Aldundiekin mintzatzeko lana delegatzen diote instituzio ez den eta erabakitzeko ahalmenik ez duen dirurik gabeko erakunde bati. Euskararentzat mespretxu marka ez bada, zer da ba?

LABURTZEKO.
Iparraldean euskararen ofizialtasuna eta euskal departamendua eskatzen direnean, asmoa argia da: ahalak dituzten instituzioak ezartzea euskal komunitatearen zerbitzuko. Hegoaldeko elkarte, erakunde eta instituzioek konprenitu behar dute zer den eskakizun horien helburu estrategikoa eta, gure arazoak euskaldun guztienak direlako, lagundu. Hemengo instituzioei etengabeki eskatu behar diete hizkuntz politika egokia bidera dezaten, Hegoaldean duen mailan: Estatua, Eskualdea eta Departamendua. Hein bereko mintzokideak izatea, minimoa da. Eta politikari eta instituzioen erantzuna desegokia bada, garbi erakutsi behar diete aldatzeko denbora heldua dela eta Hegoaldeko euskaldunak ere ase direla.
Hemengo elkarte eta erakundeekin elkar lanean jarraitu behar da, noski, baina asmatu diguten zepoan erori gabe: elkarte militanteen iritziaren kontra sortu nahi duten Hizkuntz Kontseiluak Abendañoko Kultur Patronatoak baino ahal gutxiago izango du Kultur Erakundeak egiten duen lana gutxietsi gabe, gogora dezadan Iparraldeko Kultur Ministeritza ez dela, ez ahalaz ez eta politikoek duten garrantzi instituzional eta sinbolikoaz. Bego bere lekuan eta hautetsiek har ditzaten beren erantzukizunak