argia.eus
INPRIMATU
Irakurleak mintzo
1999ko apirilaren 04a

Munduko 10 zinema bakarrak

Ez naiz inoiz Warner-Lusomundo Donostiako zinemagunean izan. Andoaindik Irunerako bidean, ordea, sarritan pasa behar izaten dut eraikuntza horren paretik. Beharbada, parean dagoen zezen plazako lanak direla eta, ez nion, duela aste pare bat arte, zinema aretoen eraikuntzari gehiegi erreparatu. Ziur aski jende asko konturatu da dagoeneko, bertan «10 zinemak» dioen txartel erraldoia bertan dela, gauez, neoi argiak direla-eta, are nabarmenagoa dena. Donostiako, Euskal Herriko edo, beharbada, munduko zinema areto bakarrak bertan direla ulertu beharko genuke hitz horietan. denok dakigu, ordea, ez dela horrela.
Akats nabarmena egin dutela beste esplikaziorik ez diot aurkitzen honi. Hitzak euskaraz ere jartzeko jarrera txalogarria dela pentsatuko du norbaitek. Nik euskaraz jartzea, besterik gabe, ezinbestekotzat jotzen dut. Nabaria da, gainera, ez dutela ahalegin berezirik egin hitz bakarra ganoraz itzultzeko –gero, ziurrenik, neoizko txartel ederra egiteko aurrekontu zabala izanik ere–.
Beraz, bertako arduradunei akatsa zuzentzea eskatuko nieke, besterik ez bada, arrazoi komertzialak kontutan hartuz. Izan ere, niri bezala, beste euskaldun askori bertara joateak tripakomina eragiten diolakoan nago –eta, ondorioz, pertsona horiek euskarazko testuak zuzen idazten dituen zinema areto batera joatea nahiago dutela–.

MIKEL GOMEZ IRIONDO
ANDOAIN (GIPUZKOA)

Andoaingo harrobi ondoko monumentu hori

Badakit beste behin ere idatzi nuela honetaz gutuntxo bat, baina espero dut ARGIAko lagunek argitaratuko didatela beste hau ere.
Espainiarrek kristorenak eta bi egin dituzte Osborneren zezen famatua bide bazterretatik publizitatea kentzeko erabakitik salbatzeko. Eta hala bihurtu da Espainiaren sinboloetako bat. "Veterano: el toro" esaten zuten lehen, eta orain esan dezakegu "España: como un toro".
Gipuzkoako Foru Aldundiak aldiz beste ikur bat hartu du beretzako: Andoaingo Bazkardoko harrobitik aurreraxeago (Donostiarako norabidean) dagoen autobus-txatarra.
Hilabeteak pasatu dira, Irizar joan zen Diputaziotik, etorri zen Antton Jaime, udal hauteskundeak iritsi... eta irudia zaintzeak ere ez du gure Garraio diputatua kezkatzen. Bazatoz Zaragozatik autopistan barrena eta bazter guztiak txukun-txukun, udaberrian loretan gainera. Nafarroa osoa zeharkatu, oso polita. Irurtzundik autobide famatutik barna, eta dena oso zaindua. Andoainen Gipuzkoa zeharkatzen duen autobidean sartu eta... hor duzu autobus-txatarra bide bazterrean.
Marokotik Holandara doan kamioizaleak non ikusi ote du antzeko azken eszena? Ala zoko horretan joango da Lasarte-Andoain inguruan egin nahi duten kamioientzako parking berria?

ANDONI AGIRRE
DONOSTIA (GIPUZKOA)