argia.eus
INPRIMATU
Aralar, arbasoen bila
Mikel Ozkoidi 2017ko azaroaren 28a
Ibilbidearen abiapuntua Guardetxen bertan dago, Baraibarretik Dona Mikel santutegirako errepidearen bihurgune batean. Ibilbidea motza denez, bukaeran Santutegirako igoera bizikletaz egitea gomendatzen dugu. Santutegian elizaz gain ostatua dago eta bertatik, Altxueta mendia atzean dugula, sakanaren ikuspegi ederraz gozatu ahal izango dugu. Elizaren lehen erreferentzi historikoak XI. mendearen hasierakoak badira ere, zahar berritze lanetan Erromaniko aurreko aztarnak aurkitu ziren. Baina, akaso, bertako osinean gertatutako istorio apokrifoa da ezagutuena. Istorio honek dioenez, Dona Mikelek Goñiko Teodosiri dragoia agertu zitzaionean laguntza eskaini zion. Dona Mikel eta Goñiko Teodosiri gertatutakoa dela-eta, makina bat txokotako jendea erromes bezala bertaratzen da, gainera gure mendizaleen hastapenetatik, bazterreko ekintza izanik, nazionalismo kutsua suspertu zuen, biltoki eta erreferentzi gunea bilakatuz.
Aparkalekuaren bukaeran ate bat dago, eta honen aldamenean ipar eskiko ibilbidearen seinaleak, Jentil Harriak izeneko bidearen hasieran. Izen honek aditzera ematen duen gisa, ibilbidean barna historiaurreko hainbat aztarna ikusgai izanen dugu. Kontuan izan Jentilak euskal mitologiaren pertsonaia batzuk direla, eta izen honen bidez Euskal Herriko hainbat aztarna zahar izendatuak izan direla, adibidez iruinarriak, trikuharri zenbait eta harrespilak, azken hauek Jentil baratza hitzez deituak izan badira ere. Jentilen itzala atzetik datorkigula, gaurko ibilbideak Aralarrek duen xarma guztia erakutsiko digu.
Lehenengo indarrak maldan gora xahutu beharko ditugu, baina ikusgarriak diren zenbait toki badenez, ez dugu ibilbidea etenik gabe egin beharrik. Berriro indarrak errekuperatzeko, Albiako trikuharria ikusteko atsedenaldia egingo dugu. Trikuharri hau, ibilbidean zehar bisitatuko ditugunak bezala, Neolito eta Brontze garaikoa da eta aipatu trikuharri guztiek ezaugarri berdinak dituzte. Mendiko dolmenak dira, berez txikiak, neurri txikiko ganbaraz eta tumuluz osaturik; bigarrena da maiz ikusten den bakarra, harriz eratutako pila; aurrekoak, ortostato edo harri handiz osatutako espazioak, batzutan oraindik sabaiko harria kontserbatzen du. Antza denez pertsona bakar bat ehorztekoak ziren, haranetakoetan gertatzen ez den bezala.
(3,2 km). PagoMariko aparkatokira iritsiko gara. Toponimo hau euskal mitologiako jainkosa ospetsuenetariko baten omenez jarritakoa da. Mari lurreko lezeetan bizi da eta bere egoitza Aralarren lekutzen zen maiz. Mariren ezaugarrien artean dira animalia nahiz su bola batean bilakatzearenak. Bere esku dago erauntsiak, haize boladak, euria eta elurra sorraraztea.
Mendi bideari jarraituz, bidegurutze bat dago (3,8 Km) eta bertan eskuinetik ipar eskiko ibilbidea segi behar da. Zati honetan harri aunitz dago eta ez da ibiltzeko arras erosoa.
(5 km), gurutze batean ezkerrera jo, eta goruntz pixka bat igo eta gero, 200 metro inguru xenda batetik behera egingo ditugu. Ertzaren ingurutik, jaitsi beharra dago. Hemendik bertze bidetxoa hartu, zeinak eskuinetik bira emanez, Erreniagako aterpe eta iturrira eramango gaituen. Zuzen bideari helduz harantxo batetik Igaratzako zelaietaraino, non norabiderako plano bat duen harrizko mahai bat aurkituko dugu, (7 km). Hemendik eskuinera jo, gurtarrastoei goruntz jarraituz, trikuharri lepora arte. Handik 200 metrotara izen bereko aztarnak ikusgai dira. Gero beheruntz jarraitu larreditik Unako putzuraino (9,9 Km). Urmaela eskuinean utziz, ezkerretik, maldatxo batetik, Belokiren lepoa garaituko dugu (12 Km). Kontuz, aldapa ederra dago-eta Frantsez errekara arte. Bertan eskuinetik, estubide batetik, aparkatoki batera iritsiko gara. Hemendik pista jarraituz errepidearekin topo egin arte (15,5 Km) eta han, eskuinetik gora Guardetxera arte