argia.eus
INPRIMATU
"Rola izugarri gustatu zitzaidan"
  • ere, Goenkaleko Xanti xelebrea izan aurretik, 35 urteko Legorretako seme honek bizitza erdia eman du aktore lanetan, zinean pittin bat, telebistan dexente eta oholtza gainean gehiena.
1999ko martxoaren 28a
«Maité» filman egiten zenuen turista inozoaren rolak ongi islatzen du zure ibilbidea, alegia, aktore trebea baina beti bigarren lerro batean sailkatua. Zergatik uste duzu dela hori?
Antzerkian protagonista izan naiz. Esaterako, «Jack eta nagusia» lanagatik sari bat ere eman zidaten Azpeitiko Antzerki Topaketetan aktorerik onenari. Zineman berriz, nor eta Stephen Frearsekin hasi nintzen «The Hit» (1985) filman. Paper txiki bat neukan, borroka batean parte hartzen genuen euskaldunak ginen. Telebistan ere bigarren mailan beti. Ez dakit zergatik izango den, zenbait faktore daude hor, xarma, estiloa, fisikoa, eta abar. Baina tira, bigarren paper horiek katramila eta saltsa duten bitartean ezin naiz kexatu.

Zer ematen dizu antzerkiak telebistak ematen ez dizuna?
Bada, sosa izan ezik, antzerkiak dena ematen dit. Orain adibidez, «Xagu Tranpa» obra Espainia osoan ari gara antzezten, dagoeneko 500 emanaldi egin ditugu. Aktoreoi antzokia beteta ikusteak zirrara atsegin bat ematen digu. Beti adi ordea, hanka sartuz gero lehen iladatik azkenera konturatzen dira eta. Telebistan aldiz, dena oso azkar doa, errepikatzeko denborarik ez eta emaitza bat-batean bota behar duzu. Ordainetan, telebistak zure lana mundu guztiarengana iristea posible egiten du. Kalean ikusten nauten batzuek benetan atzeratua naizela uste dute, beste batzuek zoriondu; eta hori ere polita da.

Nola heldu diozu hain berezia den Xantiren rolari?
Pertsonaia irakurri nuenean izugarri gustatu zitzaidan, saltsero eta xelebrea delako. Jende «normalarentzat» atzeratua izanda ere, bere logika daukana. Gogokoago zitzaidan Xantiren larruan sartzea normalago batenean baino. Nigandik ere proposamen batzuk atera dira Xantiri itxura bat emateko; hain zuzen, gidoilariak pertsonaia imajinatu egiten duen arren, inork ez daki nolakoa izango den, nola ibiltzen den, ze keinu egingo lituzkeen, bere barne bizitza, eta abar.

Handinahi ametsak al dituzu?
Bai, horixe! Aukera izan nahi nuke telebista, zinema eta antzerkian zerbait indartsua egiteko. Nori ez litzaioke gustatuko pertsonaia historiko bati heltzea, Cyrano de Bergeraci, adibidez. Baina tira, ez daukat batere presarik, seguru nago egun hori noizbait iritsiko zaidala